Google Earth-en hiru dimentsiotan ondoen irudikatuta dagoen hiria da Getaria; hala erabaki dute Model Your town lehiaketan bozkatu dutenek. Google enpresak jakinarazi berri du albistea, lehiaketaren webgunean, eta Josetxo Perez Getariako proiektuaren sortzaileetako batek adierazi du oraindik “asimilatu” gabe duela berria. “Egun osoa jardun dugu irabazlea nor den jakiteko itxoiten, eta azkenean albiste ona jaso dugu”, adierazi du Euskadi Irratian. Perezek eta Pedro Domecqek egin dute Getariako proiektua, eta 49.000 boto baino gehiago lortu ditu irudikapenak.
Irabazleek herriko txoko ugari irudikatu dituzte; 18.754 euro jasoko dituzte horiek, eta herriko ikastetxera bideratuko dute dirua.
Getariakin batera, munduko beste bost hiri izan dira finalean: Ameriketako Estatu Batuetako Evansville eta Lowell, Erresuma Batuko Leominster eta Poloniako Torun eta Zielona Gora udalerriak.
Proiektuaren sortzaileak eta Getariako Udaleko ordezkariak bihar goizean dira prentsaurrekoa ematekoak, Getarian.