«Gure gazte garaian industrialdera jo behar izan genuen lan egitera. Gutxi batzuek zuten ikasketak egiteko aukera. Nik txikitatik izan dut arte ederretarako zaletasuna, baina erretiroa hartu nuen arte ez nion afizioari heldu». Jardunari berandu heldu bazion ere, ekoizpen etengabea izan du Xabier Irureta margolari zumaiarrak, eta, orain, bere lanak jende aurrean erakustea erabaki du. Alondegiko Oxford aretoan daude ikusgai, maiatzaren 22a bitartean.
Forondako margolaritza tailerrean hasi zen margotzen, Ander Hormazuriren gidaritzapean, eta handik urte eta erdira, bere kasara jarraitzea erabaki zuen. Horretarako estudio propioa atondu, eta egunero-egunero, asteburuak salbu, bertan aritzen da hiruzpalu orduz oihalak irudikatzen. Harrezkero, hamarkada bat pasatu da, eta dagoeneko ehun margolan osatu ditu; hileko koadro bat eginez, gutxi gorabehera.
Ekoizpen oparoaren lagin aipagarria jarri du erakusketa honetan, eta, batik bat, Zumaia berari eta Zumaiako bizilagun ezagunari gorazarre egiteko baliatu du. «Erakusketa honek ez du herriaren historia argi jasotzen. Idazle batek askoz ere hobeto jasoko luke. Hala ere, honek badu bere ukitua». Eta ez zaio arrazoirik falta: Azkuntze Eneko txaleta, Urolako trenaren geltoki zaharra, herriko kaia zaharra, San Telmo ermita, Itzurun eta
flysch-eko itsaslabarrak, Artadi auzoa, garaiko Odieta pilotaleku irekia... Oraingo eta lehengo Zumaiako irudiak bildu baititu.
Herria ez ezik, herritarrak ere ageri dira Iruretaren sormen prozesuan. Alde batetik, kirolari «txapeldunak» ikus daitezke: Oier Aizpurua piraguista, Iñaki Osa Goikoetxea zesta-punta jokalaria eta Xabier Lopez arrantzale gaztea. Bestetik, arteari loturiko pertsonaia ezagunen erretratuak: Ignazio Zuloaga margolaria, Julio Beobide eskultorea eta Lucia Lakarra dantzari klasikoa. Horien artean, era berean, herritarrak ere badaude, gertuko jendea: Irureta beraren aita eta osaba, Joxe Manzisidor
Buzua eta Joxe Mari Korta.
Gaitegi mugagabea
Ez da herriko paisaietara edo eraikinetara eta herritarren erretratuetara bakarrik mugatu. Denetariko gaiak jorratuko ditu margolanetan: natura hilak; natura biziak, txorien eta zuhaitzen irudiekin; Giuseppe Verdi konpositore italiarra; Jorge Oteiza artista oriotarra; Flandesko koadroetan oinarritutakoak; hainbat herritako irudiak (Donibane Garazi, Santillana del Mar eta Hondarribia); nazioarteko paisaiak (Taj Mahal eta Afrikako oihana); eta arrantzaleen itsasontziak, Motxo ontzia adibidez.Gaitegi zehatzik ez du jarraitzen, momentuan momentukoari heltzen baitio. Normalean, gustuko argazkiak hartzen ditu erreferentzia moduan.
«Jakin badakit nire lanek ez dutela maila handirik. Gaur egun, erakusketa bat egiteko profesionala izan behar duzu. Ni afizionatua baino ez naiz». Nolanahi ere, azken hamar urteetan margotutakoa herriko bizilagunen aurrean erakusteak ilusioa egiten dio. «Baina nik, batez ere, zumaiarrak animatzeko eta erretiroa hartzerakoan zaletsun bat bilatzeko deia egin nahi dut, buruari bizitasuna eman behar baitzaio».