Azpeitiko Vespa eta Lambretta motoen zaleek bilkura antolatu dute iganderako. Aurreneko aldia da Azpeitian era honetako ekitaldi bat antolatzen dutena. Hala dio Juanjo Agirrek: «Herriko lau lagun elkartu ginen, eta zerbait antolatu behar genuela adostu genuen. Azkenean, igande honetan bilkura egitea erabaki dugu». Zerbait xumea izango dela diote, baina era horretako motorrekiko zaletasuna dutenak bertan parte hartzera animatu dituzte.
Vespa eta Lambretta motorrek «zerbait berezia» dutela diote Azpeitiko motorzaleek. «Batik bat 50 eta 60 hamarkadetan ugaritu ziren ibilgailu hauek. Garai haietan, langileen etxe askotako lehen ibilgailua horrelako motorra izaten zen. Gure etxean hala izan zen. Gogoan dut lau lagun motor gainean ibiltzen ginenekoa. Bi anaiak eta aita-amak patata tortilla hartuta Oñatzera joaten ginen», kontatu du Angel Azkuek, ekimenaren antolatzaileetako batek.
Lambretta zalea izan edo Vespa zalea izan, ez dela gauza bera argitu dute. «Lambretta zaleak direnak oso Lambretta zaleak dira, eta Vespa zaleak berdin. Athletickekoa edota Realekoa izatea bezala da», dio Juanjo Agirrek.
Euskal Herriko Lambretta eta Vespa zaleekin harremanetan jarri dira, eta igandeko ekimenera gonbidatu dituzte. «Euskal Herrian dauden motozaleen klubetara bidali dugu gonbita, eta ezagun batzuei ere esan diegu. Aurrenengo aldiz antolatu dugu bilkura Azpeitian, ea nolako harrera duen», diote.
Igandean eguerdira bitartean motozaleak herria eta Loiola bitartean ibiliko dira. Gero, Sanagustin kulturgunean egingo dute jatordua, Quadrophenia filmarekin girotuta. «Film horrek zerikusia du moto hauekin. The Who-ren musika du, eta Sting da protagonistetako bat», kontatu dute.
Egitaraua
Maiatzak 20, igandea
11:00. Azpeitian, herriko plazan ongi etorria Vespa eta Lambretta motorzaleei.
11:30. Azpeitia eta Loiola bitartean motorrean itzulia egingo dute, eta segidan Azpeitiko alde zaharrean ibiliko dira bilkurakos parte-hartzaileak.
12:00. Motor erakusketa eta poteoa.
14:30. Sanagustin kulturgunean bazkaria, eta bazkaria girotzeko Quadrophenia (1979, Franc Roddam) filmaren emanaldia.