Bi proba, lau txapel eta errekorra

Aritz Mutiozabal 2012ko maiatzaren 15a

Mendi lasterketen sukarra hedatuz doa, eta astebururo modalitateko hainbat proba antolatzen dute Euskal Herri osoan. Herenegun, esaterako, bi jokatu zituzten eskualdean: Pagoeta Mendi Lasterketa eta Izarraitz Mendi Lasterketa. Egun eta ordu berean antolatu zituztenez, lasterkari gutxiago lehiatu ziren batean zein bestean. Horrez gain, Zegama-Aizkorri mendi maratoia baino astebete lehenago izateak ere ez zuen gehiegi lagundu. Edonola ere, parte hartzera animatu zirenek gogotik gozatu zuten Urolaldeko nahiz kostaldeko maldatan gora eta behera. Ruben Lanz legazpiarra eta Aitziber Ibarbia zizurkildarra izan ziren Zarauztik Pagoetako gurutzera joan-etorria egiten bizkorrenak. Biek aise irabazi zuten, bigarren sailkatuei minutu batzuetako aldea aterata. Nolanahi ere, lasterketako errekorretik urruti geratu ziren. Emakumezkoen podiuma, berriz, eskualdeko korrikalariek osatu zuten. Leire Atxutegi zumaiarra bigarren postuan helmugaratu zen, eta Itziar Izagirre, berriz, hirugarren. Atxutegik, bere aldetik, Amaia Azkue zenari eskaini zion bere lorpena. Guztira, 197 lagunek amaitu zuten erronka; apustuak tarteko, ibilbidea abarkekin osatu zuenik ere izan zen. Azpeitian 147 korrikalarik gainditu zituzten Izarraizko hiru tontorrak. Duela bi urte bezalaxe, Walther Becerra izan zen garailea gizonezkoetan; eta haren atzetik etxekoak helmugaratu ziren: Xabat Manzisidor eta Enekoitz Aizpuru azpeitiarrak, hurrenez hurren. Emakumezkoetan, Urruñako (Lapurdi) bizilagun Maoud Combarieuk erakustaldi ederra eman zuen. Irabazteaz gain, Nerea Amilibiaren errekorra ia 5 minututan hobetu zuen. Amilibiak [...]

Izarraitz Mendi Lasterketako garaileak sari banaketa saioan; Combarieu eta Becerra lehen postuan (Argazkilaria: Nerea Uranga)

Mendi lasterketen sukarra hedatuz doa, eta astebururo modalitateko hainbat proba antolatzen dute Euskal Herri osoan. Herenegun, esaterako, bi jokatu zituzten eskualdean: Pagoeta Mendi Lasterketa eta Izarraitz Mendi Lasterketa. Egun eta ordu berean antolatu zituztenez, lasterkari gutxiago lehiatu ziren batean zein bestean. Horrez gain, Zegama-Aizkorri mendi maratoia baino astebete lehenago izateak ere ez zuen gehiegi lagundu. Edonola ere, parte hartzera animatu zirenek gogotik gozatu zuten Urolaldeko nahiz kostaldeko maldatan gora eta behera.

Ruben Lanz legazpiarrak irabazi zuen Pagoetan (Argazkilaria: Bittor Mutiozabal)

Ruben Lanz legazpiarra eta Aitziber Ibarbia zizurkildarra izan ziren Zarauztik Pagoetako gurutzera joan-etorria egiten bizkorrenak. Biek aise irabazi zuten, bigarren sailkatuei minutu batzuetako aldea aterata. Nolanahi ere, lasterketako errekorretik urruti geratu ziren. Emakumezkoen podiuma, berriz, eskualdeko korrikalariek osatu zuten. Leire Atxutegi zumaiarra bigarren postuan helmugaratu zen, eta Itziar Izagirre, berriz, hirugarren. Atxutegik, bere aldetik, Amaia Azkue zenari eskaini zion bere lorpena. Guztira, 197 lagunek amaitu zuten erronka; apustuak tarteko, ibilbidea abarkekin osatu zuenik ere izan zen.

Azpeitian 147 korrikalarik gainditu zituzten Izarraizko hiru tontorrak. Duela bi urte bezalaxe, Walther Becerra izan zen garailea gizonezkoetan; eta haren atzetik etxekoak helmugaratu ziren: Xabat Manzisidor eta Enekoitz Aizpuru azpeitiarrak, hurrenez hurren. Emakumezkoetan, Urruñako (Lapurdi) bizilagun Maoud Combarieuk erakustaldi ederra eman zuen. Irabazteaz gain, Nerea Amilibiaren errekorra ia 5 minututan hobetu zuen. Amilibiak berak ere bere denbora hobetu zuen, lasterketa bikaina eginda, baina bigarren postuarekin korformatu behar izan zuen.

Sailkapena
IX. PAGOETA MENDI LASTERKETA
Gizonezkoak
1. Ruben Lanz    01:05:24
2. Iker Oliveri    01:08:46
3. Luis Mari Otegi    01:09:02
Emakumezkoak
1. Aitziber Ibarbia    01:19:47
2. Leire Atxutegi    01:24:16
3. Itziar Izagirre    01:25:13
Eskualdeko onenaren HITZA Saria.
1. Mikel Iruretagoiena (Aia)
1. Leire Atxutegi (Zumaia)

 

Sailkapena
VIII. IZARRAITZ MENDI LASTERKETA
Gizonezkoak
1. Walther Becerra    01:56:08
2. Xabat Manzisidor    02:00:47
3. Enekoitz Aizpuru    02:00:58
Emakumezkoak
1. Maud Combarieu    02:21:56
2. Nerea Amilibia    02:24:33
3. Yolanda Gurendez    02:34:26

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide