Jaia aurkezteko ere, festa

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko mai. 15a, 06:30

Musika, dantza, tailerrak, kirola, ikuskizunak… Askotariko ekimenak izango dira ekainaren 10ean , Euskal Eskola Publikoaren XXI. Jaian. Zarautzen izango da aurten «benetako eta kalitatezko euskal eskola publikoaren» aldeko festa handia, Bale, bizi garen seinale! lelopean, eta egitarau zabala prestatu dute horretarako. Ostiralean aurkeztu zituzten jaiaren nondik norakoak, festa giroan. Lizardin egin zuten aurkezpena, eta leporaino bete zen antzokia. Orokieta Herri Eskolako eta Lizardi Institutuko ikasleek ikuskizun ederrak eskaini zituzten bertan; besteak beste, festaren harira propio sortutako Bale! abestia kantatu eta dantzatu zuten, bertsoak bota zituzten, Euskal Eskola Publikoaren Jairako sortu duten arropa desfilea egin zuten… Denetarik izan zen Ainhoa Alberdi eta Patxi Santamaria antzezleek aurkeztutako saioan, ostiralean. Jaia aurkezteko ekitaldia festa bilakatu zuten hala. Aniztasunaren alde Aniztasuna eta bizikidetza izango dira aurtengo festaren gaiak, eskola publikoan «bakoitza bere berezitasunekin, baina elkarrekin eta gustura aniztasunaren alde lan egiten» baita. Irudi gisa, berriz, balea aukeratu dute, «balea bizkorra, alaia eta jaizalea» eta noski, «era askotakoa». Orokieta Herri Eskolako eta Lizardi Institutuko ikasleen antzekoa. Festa antolatzeko «lan handia» egin dutela gogoratu zuten Lizardiko eta Orokietako zuzendariek, Igone Azpirozek eta Josebe Azpirik, baina merezi izan duela aitortu. Izan ere, «elkarrekin eta bat eginik herrian une atsegina partekatzeko aukera paregabea» izango baita ekainaren 10ean. Horrez [...]

Orokieta eta Institutuko ikasle eta irakasleak, ekitaldiaren amaieran (Argazkilaria: Amaia Ventas)

Musika, dantza, tailerrak, kirola, ikuskizunak… Askotariko ekimenak izango dira ekainaren 10ean , Euskal Eskola Publikoaren XXI. Jaian. Zarautzen izango da aurten «benetako eta kalitatezko euskal eskola publikoaren» aldeko festa handia, Bale, bizi garen seinale! lelopean, eta egitarau zabala prestatu dute horretarako.

Ostiralean aurkeztu zituzten jaiaren nondik norakoak, festa giroan. Lizardin egin zuten aurkezpena, eta leporaino bete zen antzokia. Orokieta Herri Eskolako eta Lizardi Institutuko ikasleek ikuskizun ederrak eskaini zituzten bertan; besteak beste, festaren harira propio sortutako Bale! abestia kantatu eta dantzatu zuten, bertsoak bota zituzten, Euskal Eskola Publikoaren Jairako sortu duten arropa desfilea egin zuten… Denetarik izan zen Ainhoa Alberdi eta Patxi Santamaria antzezleek aurkeztutako saioan, ostiralean. Jaia aurkezteko ekitaldia festa bilakatu zuten hala.

Orokietako ikasleak Bale! abestia dantzatzen, ostiralean, Lizardi antzokian (Argazkilaria: Amaia Ventas)

Aniztasunaren alde
Aniztasuna eta bizikidetza izango dira aurtengo festaren gaiak, eskola publikoan «bakoitza bere berezitasunekin, baina elkarrekin eta gustura aniztasunaren alde lan egiten» baita. Irudi gisa, berriz, balea aukeratu dute, «balea bizkorra, alaia eta jaizalea» eta noski, «era askotakoa». Orokieta Herri Eskolako eta Lizardi Institutuko ikasleen antzekoa.

Festa antolatzeko «lan handia» egin dutela gogoratu zuten Lizardiko eta Orokietako zuzendariek, Igone Azpirozek eta Josebe Azpirik, baina merezi izan duela aitortu. Izan ere, «elkarrekin eta bat eginik herrian une atsegina partekatzeko aukera paregabea» izango baita ekainaren 10ean. Horrez gain, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteko kideen arabera, «harremanak sendotzeko» abagunea ere izango da, baita «ikasleak harro sentitzekoa» ere. «Ikasleak harro sentituko dira, egun handia izango baita, festa euren herrian egingo delako, euren eskolan. Ikasleek eskola bera bihotzean daramaten seinale izango da hori».

Egitaraua
Gazteen gunea. Borghetto
11:00. Bigoterik gabea Azkoitiko antzerki taldea.
Ondoren. Zarauzko musika taldeen emanaldia: ASA Another San Valentin Alone, Eromeria, Stop and Go, eta Ihes Naiz.
17:00. Ze esatek? tadearen kontzertua.
18:30. eMePebo5t taldearen kontzertua.

Kirol gunea. Desertu txikia
Egunean zehar. Hondartzan jolasak, surf ikastaroak hondartzako lau gunetan, parte hartzaileen adinaren arabera. Surf ikastarotan parte hartu nahi dutenek laugarren gunera joan beharko dute aurrez, izena ematera.
Goizean zehar. Softbolean jokatzeko aukera izango da.
11:00. Hondartzako boleibola. Gipuzkoako Txapelketako jubenilen mailako finalak. Bukaeran, jokatzeko aukera ere izango da.
16:00. Judo erakustaldia, Berazan.
Arratsaldez. Errugbian jokatzeko aukera izango da.

Txikien gunea. Malekoia- Irrien lagunak kluba
Egunean zehar. Ludoteka, puzgarriak, osasun eta elikaduraren txokoa (Eroski) eta Naturaren txokoa (Ecogras).
11:00. Txupinazoa eta entzierroa.
12:00. Kantu eta dantza.
13:00. Flashmob-aren grabazioa.
15:00. Buruhandien konpartsa.
16:00. Apar festa.

Laugarren gunea. Malekoia-Galtxagorri
Egunean zehar. Informazioa, salmenta, balea puzgarria, tailer afrikarrak, karpa puzgarria hiru tailerrekin, futbolin erraldoi puzgarria eta Monte Albertiako ikasleekin fantasia tailerra.

Bosgarren gunea. Malekoia-Duke enea
Egunean zehar. Rockodromoa eta tirolina.
12:00. Arrantzaleen kirolen jaia Kulkirekin, Belauntzaren plazan.

Seigarren gunea. Munoa plaza
Egunean zehar. Txosna, salmenta, megafonia eta haragi errea Euskolabelaren txosnan.
11:00. Eskoletako ikasleen emanaldiak.
13:00. Txan magoaren Txantxetan ikuskizuna.
16:30. Katxiporretaren Zazpikoloroa ikuskizuna.

Zazpigarren gunea. Musika plaza
11:30. Kupela taldearekin erromeria.
13:00. Tik Tara taldearen kontzertua.
18:00. Aiko taldearekin erromeria eta euskal dantzak.

Zortzigarren gunea. Foruen plaza
Egunean zehar. Perkusio, sabel dantza eta oihal dantza tailerrak, jolasak, mapa erraldoia, kirolak, Enredos eta Konekta 4.
12:00. Allarte oihal dantza.
13:00. Sabel dantza ikuskizuna.
13:00-16:00. Herri bazkaria 600 lagunentzat. Menua: oilasko paella, gazta edo izozkia, eta edaria. Txartelak azokan izango dira salgai, zazpi eurotan.
16:00. Allarte oihal dantza.

Bederatzigarren gunea. Frontoi txikia
12:00. Zuhaizti Eskolako Euskal dantza taldea.
13:00. Pilota partiduak: Pepe memorialaren finalak.
16:00. Herri kirolak: Ernesto Ezpeleta, Jose Felix Manex Zubizarreta aizkolariak, eta Joxe Ramon eta Hodei Iruretagoiena harri jasotzaileak.

Kale animazioa
11:00. Zarauzko erraldoi eta buruhandiak.
12:00. Oihulari Klownen Mamu txikiak ikuskizuna.
13:00. Tamsna taldearekin batukada afroarabiarra.
16:00. MLOP taldearekin musika eta dantza senegaldarrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide