Gipuzkoako eskolarteko bertsolari gaztetxoen txapelketaren aurtengo edizioa ari da, poliki-poliki, bere bidea egiten. Pasa den ostiralean, Orion egin zuen geldialdia bertsoen trenak, eta ale ederrak entzuteko aukera izan zuten Karela kiroldegiko hitzordura gerturatu ziren bertsozaleek. Ohi bezala, bertso jarrien atalak eman zion hasera arratsalde bertsozaleari, eta inguruko herrietako ikastetxeetako makina bat umek hartu zuen parte atal honetan, hainbat mailatan banatuta. Getariako, Orioko, Elgoibarko, Zarauzko eta Zumaiako haurrak izan ziren, besteak beste, bertsoak jarri asmoz Orion elkartu zirenak. Guztira, 250 ume inguru.

Bertso jarrien atalaren ostean, bat-bateko saioaren txanda heldu zen. Iñaki Gurrutxaga Orioko bertsolariak egin zituen gai-jartzaile lanak. Hamalau urte arteko txikien mailan, Zarauzko bi talde izan ziren kantuan. Talde batean, Ander Garaiar, Peru Gabilondo, Irati Tolosa eta Libe Goenagak kantatu zuten eta bestean, berriz, Ane Peñagarikano, Mikel Sarasua, Paula Arriola eta Jone Makazagak. Bi taldeek, freskotasun handia erakusti zuten, eta bertsotarako abilezia aparta, artean gaztetxoak izanagatik. Pasa den astean kantatu zuten taldeen moduan, Legazpin hilaren 25ean jokatuko den kanporaketaren zain egon beharko dute finalean kantatzeko aukera izango duten ala ez jakiteko.
Handien mailan, berriz, bertsolariek bakarka neurtu zituzten indarrak. Markel Eizagirre (Zarautz), Ioritz Bastarrika (Zarautz), Jon Gurrutxaga (Azpeitia), Haritz Mujika (Asteasu), Unai Sarasua (Oikia) eta Maialen Akizu (Urretxu) izan ziren kantuan. Saioa bizia izan zen, oro har, eta tarteka ale ederrak entzuteko aukera ere izan zen. Entzuleek biziki txalotu zuten seien jarduna, eta bertsolariek ere eskertu zuten entzuleen babesa, amaierako agurretan. Ikusi egin behar, falta diren bi kanporaketetan zer pasatzen den, finaleko zortzikotea zein izango den jakiteko. Orain arte, inor ez da besteen gainetik era nabarmenegian gailendu, eta inoizko txapelketarik parekatuena izaten ari dela esatea ere ez da gehiegikeria.
Aste honetan, txapelketak Deba Goiena bailarara egingo du jauzi, Gipuzkoako beste puntara. Eskoriatzan izango da zita, bertako Almen ikastetxean. Hilaren 25ean, berriz, Legazpin jokatuko da azkeneko kanporaketa, eta finala, ekainaren 1ean, Andoainen.