Aurten Azpeitian ospatu dute Txolarte Eguna, eta eskualdetik zein Gipuzkoa osotik 400 pertsona izan dira bertan. Txolarte Atzegiren programa da (adimen urriko pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea). Atzo urteroko jaia egin zuten, eta txupinazioak eman zion hasiera egunari. Udaletxeko balkoitik jaurti zuten suziria. Aurrez, hitz batzuk egin zituzten Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak eta Txolarteko kide Iban Goenaga azpeitiarrak. Alkateak "eskerrak" eman zizkion elkarteari egunero egiten duen lanagatik. Goenagak, berriz, festaz gozatzera gonbidatu zituen bertaratu zirenak. Beraiekin batera udaletxeko balkoian izan zen Azpeitiko Txolarteko begirale Esther Bastida. Giro paregabean, antzerki ikuskizuna eta bazkaria izan zituzten, besteak beste.