Benito Lertxundik disko «onirikoa» eta «sosegatua» kaleratu du

Ane Olaizola 2012ko maiatzaren 11

«Inoiz baino gehiago sentitu naiz abestien adiskide». Benito Lertxundiri (Orio, 1942) disko berriko abestiak «modu naturalean» atera zaizkio. «Bat-batean hasi nintzen abestiak sortzen. Ez dut borrokarik egin beharrik izan; ez naiz ezeren bila joan, eta ez nuen bihurrikeriarik egiteko, ez gogo ezta asmorik ere. Abestiei eskua ematen utzi diet». Horren emaitza da Oroimenaren oraina, Lertxundiren hamaseigarren diskoa. Lan «sosegatua eta lasaia» atera zaio, maitasunari eta giza existentziari hitz egiten diona. Hamar abestik osatzen dute lana, eta ia guztietan Olatz Zugasti emazte eta abeslariaren ahotsa izan du lagun. «Abestietan ahotsak du protagonismoa, eta armonia honen bidez lortzen da. Lehentasuna esaten denak du». Zentzu horretan, diskoak badu «bertute» bat, oriotarrak «lehen momentutik» identifikatu duena: «Abestiak borobila izan behar du, eta hitzak ez dio doinuari enbarazurik egin behar. Kasu honetan, testua hobeto ulertzen da kantuen bidez, bera bakarrik irakurrita baino». Ohiko estiloa jorratu du Lertxundik, eta diskoak badu kutsu onirikoa, oriotarraren ustez. «Gautarra da, eta abesti batzuk bakarka entzuteko aproposak dira». Hori «oso bizigarria» egin zaio kantagileari. Lertxundik behin baino gehiagotan izan ditu hizpide bere herriko txokoak, eta oraingoan ere Oriako itsasadarrari eskaini dio Laket dut abestia, txikitatik errioarekin «erabat lotuta» egon baita kantaria. «Ume-umetatik fantasiaz ikusi ditut arrantzaleak. Badoaz arrantzaleak, baina itzuliko al dira? pentsatzen nuen. Mundu arraroa zen niretzat, eta barruan halako atximurra eragiten zidan». Laket dut bere urertzean jausten zaidan sentipen zirrara, dio abestian, Orioko Munto inguruko bizipenak adieraziz. «Munton, 12:00ak jotzean, errioarekin bat eta bakarrik sentitzen nintzen, itsasbehera zela. Beti izaten nuen inpresio bera. Erabat liluratuta uzten ninduen bake giroak, eta nire barrua astintzen zuen energia horrek». Maitasuna, bere zentzurik zabalenean ulertzen du Lertxundik, eta hala islatu nahi izan du azken diskoan. «Maitasuna ez da eman eta jasotzen dena; askatasunaren kontzientzia egoerak bere gain duen hori da maitasuna. Maitasuna berezkoa da, izateko eta munduan egoteko modua da». Hala, azken diskoan «mundu kodifikatutik» ihes egiten du oriotarrak. Inoiz baino erosoago Duela urtebete pasa hasi zen lan berrirako abestiak sortzen, eta udaberrian grabatu ditu kantuak, Elkar estudioetan. Diskoa sortzeko urrats guztiak izan ditu «gozagarri», ohi ez bezala. «Grabatzea ez zait inoiz gustatu izan, baina inoiz baino azkarrago egin dugu, eta sekula ez bezala pasatu dut. Halako bizipenak oso berriak izan dira nigan». Fernando Pessoa, Jon Maia, Jose Ramon Uriarte, Olatz Zugasti, Kirmen Uribe eta Paco Aristik sortutako hitzak erabili ditu abesti batzuetan. Izan ere, mundua «truke» bat dela deritzo kantariak. «Ohartu naiz guztia guztiz eginda dagoela, eta zeharka eta oharkabean bada ere, elkarrentzat ari gara lanean». Horixe izan da diskoaren azaleko argazkiarekin gertatu zaiona. Mireia Berenguerren argazkia hautatu du azalerako, eta buruan zuen irudia telebistako saioa batean ikusi zuen. «Azalerako itsasadarreko irudia nahi nuen. Egileak egunsentian atera zuen argazkia, aurrean zuen paisaia ikusita; eguerdi horretan ikusi nuen argazkia, eta segituan konektatu zuen nire abestiekin. Aurretik ere esaten nien argitaletxekoei, azala egina zegoela. Horrekin topo egitea zen kontua». Kasualitatea baino, «kausalitatea» da gertatu zaiona; «inguruari adi egon behar da». Manipulatzearen alde Diskoa aste honetan kaleratu baldin badu ere, aurretik eskaini dituen kontzertuetan entzuteko aukera izan dute zaleek. Abestiak  grabatu aurretik, entzuleen «inpresioak» jaso behar dituztela uste du Lertxundik. «Kantuak ez daude erabat eginak, jendearen hautsak ez badira jaso». Oriotarra «harrituta» dago abestien aldaketarekin. «Neuk proposatu gabe aldatzen dira, bizitza propioa dute». Abestiak «leku naturalera» eraman behar direla adierazi du, eta toki hori eszenatokia dela uste du. Sistema horren bidez, gainera, oriotarra «txundituta» dago abesti berriek orain arteko emanaldietan izan duten erantzunarekin. Hiru urte barru mende erdi beteko du Lertxundik musikagintzan. «Pribilegiatua» sentitzen da, bere lana zuzenean jendearengana iristea eta entzuleek hori «esperimentatzea» luxua dela deritzolako. Oriotarrak 70 urte bete berritan kaleratu du diska. Hala ere, musikagintzan noiz arte jarraituko duen pentsatzeak ez duela «zentzurik» dio. «Nire bizitzeko modua da. Zorionez, lan espirituala egitea suertatu zait, eta hori oso atsegina da niretzat». Sortze lanean «libre» sentitzen dela aitortu du oriotarrak, eta diskoaren inguruko iritzia «entzuleen» esku utzi du. Datozen asteetan lan berria aurkezteko hainbat kontzertu eskainiko du Euskal Herriko hiru hiriburutan. Hilaren 18an, Bilboko Euskalduna Jauregian izango da, 21:00etan. Hurrengo egunean Donostian eskainiko du kontzertua, 20:00etan, Kursaal Auditorioan. Azkenik, ekainaren 9an, Iruñeako Baluarte Auditorioan izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide