Sexuaren eta drogen mundua oso zabala da, eta zabala da baita ere gaion inguruan sor daitezkeen kezken kasuistika. Askotariko zalantzak argitze aldera, duela pare bat aste abiatu zituzten Zarautzen sexu eta droga aholkularitza zerbitzuak. Eider Goiburu (Orio, 1980) eta Itsaso Cañadak (Irun, 1988) erantzungo diete aurrerantzean herritarrek sexuaren inguruan izan ditzaketen galderei. Lukene Lizasok (Orio, 1988), berriz, drogen inguruko aholkuak emango ditu. Hasi besterik egin ez badira ere, hirurak prest daude herritarrak aholkatzeko.
Zer motatako herritarrak espero dituzue?
Eider Goiburu:Aurrez eskaini dugun aholkularitza zerbitzua batik bat gazteei zuzenduta egon da. Zarautzen eskainiko duguna, ordea, zabalagoa izango da; adin guztietako pertsonei zuzendua, eta norberaren premiaren araberakoa. Ildo horretatik, askotariko kontsultak egin ditzakete herritarrek: hamaika urteko neska bat etor dakiguke hilekoaren inguruko informazio eske, edota 18 urteko bat biharamuneko pilulaz galdezka.
Lukene Lizaso: Kasuistika oso zabala da drogen kasuan ere. Azken aldian, gainera, aholkularitza zerbitzuaren inguruan interesa agertu dutenak espero ez genuen soslaia dute; hau da, bestelako problematika bat dutenak etortzen zaizkigu. Hala ere, festak eta uda gerturatu ahala gazteak gerturatzen hasiko zaizkigula uste dut. Hori bai, gehienbat Internet bidez.
Alde horretatik, herritarrek gaion inguruan hitz egiteko erreparoa izan dezaketela uste al duzue?
E.G: Oro har, jendeari asko kostatzen zaio sexualitatearen edota droga-mendekotasunaren inguruko galderak egitea edota norberaren egoera pertsonala azaleratzea. Egun oraindik sozialki guztiz onartu gabeko gaiak dira, tabu modukoak.
Itsaso Cañada: Egia esan, arazoez hitz egitea ez da erraza. Alde horretatik, naturaltasun falta handia dugu gaur ere.
E.G: Finean, emozioen mundua da. Eta horiek adieraztea, arazo bat duzula onartzea, eta laguntza eskatzea ez da erraza. Horregatik, guretzat garrantzitsua da erabiltzaile posibleekin harremanetan jartzea, ezagutu gaitzaten.
L.L: Nik uste dut benetako arazoa dutenean hasiko direla geuregana gerturatzen.
Zein puntutaraino jabetzen da bere egoeraz erabiltzailea?
L.L: Drogen kasuan, adibidez, jendea ez da ohartzen arazo bat duela hitzez adierazten duen arte. Alkohola, esaterako, droga mota bat da, baina jendea ez da hortaz konturatzen. Eta hori egungo gizarte ohituren ondorioetariko bat da . Gaur oso barneratuta daude edari alkoholikoak gure egunerokotasunean; oso normalizatuta dago hori, eta ez zaio ondorioei erreparatzen.
E.G: Gauza bera gertatzen da hurrengo eguneko pilularekin. Askok haurdun egoteari uzteko pilula magikoa dela uste dute, pilula hartzeak ekar ditzakeen ondorioak kontuan izan gabe. Askok, gainera, antisorgailu gisa erabiltzen dute. Desinformazioaren ondorioz gertatzen da. Komunikabideek ere ez dute pilula horren inguruko informazio osoa zabaldu. Haren legalitatearen inguruan jardun dute behin eta berriz telebistan zein egunkarietan, ez ordea haren albo-ondorioez.
Konfidentzialtasuna gordetzea izango da zerbitzuon ezaugarri nagusietako bat.
E.G.: Bai, gure helburua erabiltzailearen mailan jarri eta lagun bezala tratatzea da, inoiz ez arauak jartzea.
L.L.: Bai, eta gainera erabiltzaileei argi-argi utzi behar zaie hori hasieratik. Haien konfiantza geureganatzea da helburua, haien arazoez lasai eta eroso hitz egin dezaten.
Kasuren batean, ordea, konfidentzialtasun horrek mugak izango ditu, ezta?
L.L: Bai, hala da. Gazteren batek benetako arazoren bat baldin badauka gurasoengana jotzea gomendatuko diogu, eta beharrezkoa bada, geuk lagunduko diogu horretan. Ez badu nahi, edo ez bada ausartzen, orduan bestelako laguntza aurkitzen saiatuko gara; gizarte zerbitzuetan, kasu.
E.G: Batzutan, ordea, konfidentzialtasunaren gainetik dauden egoerak daude. Garrantzitsuena pertsonaren ongizatea da, eta hori lehenetsi behar da.
Zerbitzuak
Sexu aholkularitza. Asteartetan izango dira aurrez aurreko saioak, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00 etatik 20:00etara. Twitter: @sexuaholkulari, sexuaholkularitza@gmail.com. Facebook eta Tuenti: Zarauzko sexu aholkularitza gunea.
Droga aholkularitza. Ostegunetan izango dira aurrez aurreko saioak, 18:00-20:00 bitartean.Twitter: drogen.info@gmail.com.
Facebook eta Tuenti: Zarauzko droga informazio gunea.
Zigordia kaleko 34. zenbakian eskainiko dituzte bi zerbitzuak eta honako da telefono zenbakia: 943-00 51 28.