Euskarazko hedabideak krisi latza ari dira jasaten azken urteotan. Berria Taldeko hedabideek inoiz baino irakurle gehiago dute, baina egoera ekonomikoa larria da. Eskaintzari eutsi ahal izateko, Zure ziztada behar dugu! kanpaina abiatu zuen duela hilabete batzuk Euskal Herri osoan, eta herriz herri ziztadak biltzen ari dira. Azken finean, herritarren babesarekin egingo du aurrera proiektuak. «Euskaraz bizitzeko asmoa dugun guztiongana iritsi nahi du, eta esan nahi die euskaraz bizi nahi badugu, euskarazko hedabideak ezinbesteko ditugula eta horiei eutsi beharra dagoela».
Ildo horretan, eskualdeko beste hainbat herritan bezala, Zarautzen ere taldetxo bat osatu dute herrian kanpainaren berri eman eta euskaltzaleak egoerarekin sentsibilizatzeko. Testuinguru horren harira, Ziztada Eguna antolatu dute maiatzaren 19rako. Halaxe aurkeztu zuten atzo goizean Zarauzko Musika Plazan. Ekitaldian, besteak beste, Zarauzko Udaleko euskara zinegotzi Gari Berasaluze, Berria egunkariko zuzendari Martxelo Otamendik, Berrialagun kanpainako koordinatzaile Joxe Angel Aldaik eta UROLA KOSTAKO HITZA egunkariko langileek eta herriko hainbat eragilek, tartean, Gurutxurtuk hartu zuten parte.
Herri lasterketa
Ziztada Egunerako hainbat jarduera antolatuko dute, herritarren parte-hartzearekin babesa lortzeko. Herri lasterketarekin emango diote hasiera jaiari, 10:30etik aurrera. Edozein lagunek egiteko moduko ibilbidea atondu dute, 4,5 kilometro ingurukoa, herriari bi itzuli.
Musika Plazatik Santa Marina aldera abiatuko dira korrikalariak, eta hortik Bizkaia kalerantz hartuko dute, Azken Portu auzoarekin muga egiten duen lur azpiko pasagunetik pasatzeko. Ondoren, Bizkaia kaletik jarraituko dute Zelai Ondo auzora, eta, jarraian, Gipuzkoa kalera joango dira, Mitxelenako lur azpiko pasagunea igarota. Gipuzkoa kaletik tren geltokira jaitsiko dira, udaltzainen egoitzaren ondoan izkin eginda, eta Zigordia kaletik Udaberri egoitzara iritsiko dira. San Frantzisko kaletik 50 metro egin eta berehala, Kale Nagusitik Musika Plazara ailegatuko dira. Zirkuitu horri beste itzuli bat eman ondoren.
Lasterketan izena emateko hiru modu daude: UROLA KOSTAKO HITZA-ko egoitzan bertan, berrialaguna.zarautz@gmail.com posta elektronikora idatzita edo Ziztada Egunean bertan, lasterketa hasi aurretik. Izen-emateak 5 euro balio du, eta dirua ziztada kanpainara bideratuko dute.
Sari banaketarekin batera, festa giroa nagusituko da Musika Plazan: Alprojako kide Iraia Elias aurkezle lanetan ariko da; Felix Zubiak eta Ainhoa Agirreazaldegik bertsotan jardungo dute; Gurutxurtu aisialdi taldeak haur jolasak prestatuko ditu; jatekoa egongo da; eta, ekitaldia biribiltzeko, Larrain dantzarekin emango diote bukaera jardunaldiari.
Kanpainarekin bat
Euskarazko egunkariak nolakoa izan behar zuen aztertzen zuen Xabier Lizardiren Baratza azi bearra artikulua ekarri zuen gogora Gari Berasaluzek. Baratza horrek «gorabeherak» izan dituela azaldu zuen, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera nahiz auzia eta Berria-ren sorrera kontuan hartuz. Horren aurrean, «Zarautzek beti erantzun du Lizadiren amets hark eskatu izan duenean eta behar izan duenenean. Kanpaina berri honekin ere ziur gaude zarauztarrek erantzungo dutela». Alde horretatik, Zarauzko Udala euskarazko eguneroko prentsaren beharrarekin bat egiten duela nabarmendu zuen euskara zinegotziak, baita laguntza eskaintzeko beti prest izango dela ere. Beraz, herritarrei Ziztada Egunean parte-hartzera deitu zituen.
Krisialdi ekonomikoaren eraginez hizkuntza txikietako hedabideek bizi duten egoera larria jarri zuen mahai gainean Berria-ko zuzendari Martxelo Otamendik: «Daramagun bidea txarra da, eta erabaki dugu garrantzitsua dela jendeari jakinaraztea zein den gure egoera, eta zein arrisku dagoen». Nolanahi ere, arrisku horretatik «bizkortuta eta sendotuta» atera daitezkela esan zuen, eta, azken finean, ziztada kanpaina horretara datorrela.
«Jendea bildu eta kontzientziatu nahi dugu, gure herriaren eta hizkuntzaren garapenerako guztiz garrantzitsua da komunikabide euskaldunak izatea edozein euskarritan», adierazi zuen Otamendik. «Panorama txarra da, baina herri hau atera da ekaitz okerragoetatik, eta honetatik ere aterako gara, jendearen bultzada eta ziztadari esker». Batez beste, gainera, Zarautzen izan dituzte beti harpidetza gehien. Horren harira, «izan dadila Zarautz ziztada kanpainaren barruan eredu eta urrats sendoak ematen dituen herria».
Kanpainako koordinatzaile Joxe Angel Aldairen esanetan, «ez gara hutsetik hasi». Hain zuzen ere, ehundik gora dira orain arte Berrialagun egin diren zarauztarrak. «Berria komunitate zabal batek osatzen du:irakurleek, harpidedunek, akziodunek… Horien guztien arten zarauztar asko dago. Hala ere, kontua ez da Ziztada Eguna ospatzea bakarrik, baizik eta herritarrei dei egitea da, askoz ere Berrialagun gehiago izan gaitezen».
Berrialaguna izateko informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu Berria.info webgunea.
