
Ezkerretik eskuinera, Agirrezabalaga, Lertxundi, Guruzeta, Illarramendi eta Solabarrieta (Argazkilaria: Amaia Ventas)
«Konpromiso argia azaldu nahi dugu birziklatzearen alde. Orain baino gehiago birziklatu behar dugu, bilketa selektiboaren tasak igoz». Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Amaia Guruzetak, Getariako alkate Nika Lertxundik, Orioko alkate Beñat Solabarrietak, Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendik eta Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagak «gehiago birziklatzeko» konpromisoa hartu dute, hala. «Egun herri batzuek hondakinetatik %75 zabortegira bidaltzen duten bezala, guk gutxienez %75 bereizita jasotzeko bitartekoak aztertzeko konpromisoa erakutsi nahi dugu». Tasa altuagoak lortzeko erabakiak hartuko dituztela jakinarazi dute, herritarrak sentsibilizatuz.
Guruzetak jakinarazi duenez, egun Zarautzen hondakinen %33 biltzen dira bereizita, Getarian %25 eta Orion, berriz, %29. «Datu horien aurrean, eta Europako legediak ez ezik gure borondateak ere murriztu, berrerabili eta birziklatzearen alde egitera bultzatzen gaituenez, egoerak, eta batez ere datuek, aldaketa bat behar dugula erakusten digute», nabarmendu du. Aldaketa horren beharraz ohartarazi du: «Bereizita jasotzen ez den guztia—herri batzuetan %75a— Urtetako zabortegian uzten dugulako, osasunean, ekologian eta ekonomian sortzen dituen ondorioekin».
Errauste plantarik ez
Ildo horretatik, «zabortegi guztien itxiera eta errauste plantarik gabeko hondakinen kudeaketa baten alde» egingo dute kostako herrietako alkateek. Horren harira, «beste edozein irizpideren gainetik», herritarren osasuna lehenetsiko dute. «Osasuna lehenesteak, ordea, ez du esan nahi gainerako irizpideak kontuan hartzen ez ditugunik; hala nola, ingurumena, ekonomia eta lanpostuak», nabarmendu du Solabarrietak.
Horretarako, Urola Kostan zero zabor programa zabaldu eta garatzeko beharra dagoela esan dute. «Gipuzkoarako zero zabor programak modu egokian eta nahikoan konbinatu beharko ditu bilketa selektibo egokia eta konpostajea, bi alderdi hauek osatzen baitute hondakinen arazoa konpontzeko aterabideen ardatza».
Hala ere, eztabaida ez dela hondakinen bilketa sistemara mugatu behar diote, «gutxieneko birziklatze maila lortzera bideratu behar» dela baizik. «Egungo sistemek gehiagorako aukerarik uzten ez dutelako, edota herritarrak behar beste sentsibilizatu ez ditugulako ditugu ditugun emaitzak. Egungo egoera ezin da sostengatu ondorioak gure herrialdean bertan ikusten ari garelako».
Bide horretan, «konponbidea herritarrek emango» dutela adierazi du Agirrezabalagak. «Sistema batean edo bestean baino, herritarren jokabide arduratsuan sinesten dugu, eta bidea berekin batera egin behar dugunaren zalantzarik ez dugu». Hondakinen kudeaketan «miraririk» ez dagoela gogoratu du, jendearen ardura dela « konponbiderako bidean jartzen gaituena».
Gutuna: Gorka Bordagarai, Bilduko hautetsien izenean. Getaria.
Hondakinen arazoaren aurrean
Azken aste/hilabete hauetan, gauza ugari irakurri, esan eta entzun ditugu hondakinei buruz. Zalantzarik gabe, gaiak badu ezkutatu ezin den gaurkotasuna; batik bat, gizarte osoarentzat izugarrizko arazoa dakarrelako. Egungo gizarteak sortzen duen hondakin kopuru handia eta horri dagokion kudeaketa eredua mende honetako arazo larrienen artean koka daitezke, eta ez da gutxiagorako.
Getariako Udalak ere bere egiten du kezka hori; horregatik, arazo horri irtenbide egokiak bilatzeko aukera ezberdinak aztertzen dihardugu. Orain arte, hondakinak zabortegietara eraman ditugu; aurrerantzean hondakinak errausteko asmoa zegoen. Horren aurrean, udaletik garbi adierazten dugu aurreko bi aukera horiek ez ditugula gustuko, eta horren zergatia adierazi nahi genieke herritarrei:
-Guztion osasuna babestu nahi dugulako. Erraustegian, erreketaren ondorioz, tximiniatik hainbat gai arriskutsu isurtzen da; adibidez, dioxina eta furanoak. Gai horiek gaitz larriak sortzeko ahalmena dute, Munduko Osasun Erakundearen arabera; besteak beste, ugalketa-arazoak, askotariko minbiziak. Bestalde, erretzen denaren % 25 zepa eta eskoria bihurtzen da; elementu toxikook zabortegi bereziak behar dituzte, eta beraz, ez da zabor guztia desagertzen.
-Gauzak ongi egin daitezkeelako. Egun, Getarian, % 25 inguru birziklatzen dugu; Gipuzkoako hainbat herritan, ehuneko hori % 80koa da. Beste herrietan posible bada, zergatik ez Getarian? Ez dugu zalantzarik, birziklatzen duen herria herri arduratsu eta garbia da, eta ziur gaude getariarrok ere gauzak ongi egiten badakigula.
-Garestia delako. Errauste planta ezartzea 500.000 euro kostako da, gutxi gorabehera, eta hori finantzatzea herrien gain utzi nahi da. Tratamendu kostua ere oso altua da; beraz, zabor tasa derrigorrez asko igotzea ekarriko du.
-Jasangarria delako. Europako zuzentarauei jarraitu nahi diegu. Birziklatzearen alde eginez, baliabide naturalak gutxiago gastatzen dira. Lehengai urri eta geroz eta garestiagoak errauts bilakatzea onar ezin dezakegun luxua da.
Arduraz jokatzeko garaia da, instituzio eta udaletatik planteamendu serioak egiteko garaia. Alderdikeri eta diskurtso errazak baztertzeko garaia. Udalak konpromisoa hartzen du guretzat eta gure seme-alabentzat etorkizun garbiago bat bermatuko duen irtenbidea bilatzeko. Ezinbestekoa da, ordea, herritar guztiok lehenik eta behin eskuartean dugun arazoaren jabe izatea.