Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuarekin batera antolatzen duen Gu Ere Bertsotan proiektuan parte hartu duten Zarauzko ikasleek, ikasturte amaierako jaialdia izango dute maiatzaren 14ean, astelehena, Aritzbatalde kiroldegian. Bi txanda izango dira, bata 17:30ean (4 eta 5. mailakoak), eta bestea 18:30ak aldera (6. mailakoak). Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako 353 ikaslek parte hartu dute aurten bertsolaritzaren bitartez ahozko komunikazioa lantzea helburu duen egitasmo honetan, eta astearteko jaialdia lan horren erakusgarri izango da.
2004-2005 ikasturtean ekin zitzaion Zarautzen proiektua lantzeari herriko hainbat ikastetxetan. Bertsotarako zaletasuna pizteaz gain, haurren eta gazteen aurrean euskara prestigiatzeko eta erabiltzeko motibazio pizgarri da ikastaroa. Ikasleen euskararen erabilera maila eta kalitatea handitzea ere lortzen da horrela. Gainera, bertsogintzak eskolarako tresna didaktiko gisa duen potentzialtasuna azpimarratzen dute antolatzaileek: ahozko adierazpidea hobetzeko, komunikazio estrategia eraginkorrak baliarazteko, hizkuntza aldetiko sormena bultzatzeko, jendaurrean egoteko eta hitz egiteko oztopoak gainditzeko, ideiak ordenatzen laguntzeko eta komunikatzaile onak hezteko, besteak beste.
Metodoa ondorengoa da: bertsolari batek ordubeteko eskola ematen du hamabostean behin gela bakoitzean, eta tarteko astean ikastetxeko irakaslea arduratzen da programa haurrekin lantzeaz. Aurten Jon Martin bertsolaria izan dute gidari. Hark lagunduta, hainbat gai landu dituzte: bertsogintzaren historia, irudimena eta sormena, bertsoak egiteko teknikak, ideien antolaketa, memorizazioa, entzuten ikastea, talde lana eta jarrera parte hartzailea…
Hori guztia, helburu nagusi batekin: hizkuntzarekin jolasean aritzea eta gozatzea. Beste horrenbeste egingo dute asteazkeneko jaialdian. Saio bakoitza ordubete ingurukoa izango da, eta ikasturtean parte hartutako ikasle guztiek abestuko dute bertsoren bat taldeka. Ikastetxe bakoitzeko ikasle talde bakoitzak bost minutu inguruko emanaldia prestatu du Jon Martin bertsolaria eta ikastetxe bakoitzeko irakasleen laguntzarekin. Saio guztiak ikasleen lanaren ondorio dira, hau da, emanaldiko ideiak zein bertsoak neska-mutilek landu eta sortu dituztenak izango dira, eta eurak izango dira protagonista oso eta bakarrak.