Azken aste/hilabete hauetan, gauza ugari irakurri, esan eta entzun ditugu hondakinei buruz. Zalantzarik gabe, gaiak badu ezkutatu ezin den gaurkotasuna; batik bat, gizarte osoarentzat izugarrizko arazoa dakarrelako. Egungo gizarteak sortzen duen hondakin-kopuru handia eta horri dagokion kudeaketa-eredua mende honetako arazo larrienen artean koka daitezke, eta ez da gutxiagorako.
Getariako Udalak ere bere egiten du kezka hori; horregatik, arazo horri irtenbide egokiak bilatzeko aukera ezberdinak aztertzen dihardugu. Orain arte, hondakinak zabortegietara eraman ditugu; aurrerantzean, berriz, hondakin horiek errausteko asmoa zegoen.
Horren aurrean, Udaletik garbi adierazten dugu aurreko bi aukera horiek ez ditugula gustuko, eta horren zergatia adierazi nahi genieke herritarrei:
-Guztion OSASUNA babestu nahi dugulako. Erraustegian, erreketaren ondorioz, tximiniatik hainbat gai arriskutsu isurtzen dira; adibidez, dioxina eta furanoak. Gai horiek gaitz larriak sortzeko ahalmena dute, Munduko Osasun Erakundearen arabera; besteak beste, ugalketa-arazoak, askotariko minbiziak… Bestalde, erretzen den guztiaren % 25 inguru zepa eta eskoria bihurtzen da; elementu toxiko horiek zabortegi bereziak behar dituzte, eta beraz, ez da zabor guztia “desagertzen”.
-Gauzak ONGI EGIN daitezkeelako. Egun, Getarian, % 25 inguru birziklatzen dugu; Gipuzkoako hainbat herritan, portzentaje hori % 80koa da. Beste herrietan posible bada, zergatik ez Getarian? Ez dugu zalantzarik, birziklatzen duen herria herri arduratsu eta garbia da, eta ziur gaude getariarrok ere gauzak ongi egiten badakigula.
-GARESTIA delako. Errauskailua ezartzea 500.000 euro kostako da, gutxi gorabehera, et ahori finantzatzea herrien gain utzi nahi da. Tratamendu kostua ere oso altua da; beraz, Zabor Tasa derrigorrez asko igotzea ekarriko du horrek.
-JASANGARRIA delako. Europak jartzen dituen zuzentarauei jarraitu nahi diegu. Birziklatzearen alde eginez, baliabide naturalak gutxiago gastatzen dira. Lehengai urri eta geroz eta garestiagoak errauts bilakatzea onar ezin dezakegun luxua da.
Arduraz jokatzeko garaiak dira, instituzio eta udaletatik planteamendu serioak egiteko garaiak. Alderdikeri eta diskurtso errazak baztertzeko garaiak. Udalak konpromisoa hartzen du guretzat eta gure seme-alabentzat etorkizun garbiago bat bermatuko duen irtenbidea bilatzeko. Ezinbestekoa da, ordea, herritar guztiok lehenik eta behin eskuartean dugun arazoaren jabe izatea.
Gorka Bordagarai
Bilduko hautetsien izenean