Nagore Telleriaren iritzi artikulua (2012-05-10 HITZA-ko Arkupean gehigarria). Ez dut aurten festetan txistu ta danbolinik joko. Ez dut zezenetara joan nahi eta». Amari hori esanda utzi nion korridara joateari. Ez dakit zenbat urte izango nituen, hamar-hamaika edo. Kontzientziarik eta arrazoirik gabea zen erabakia. Tripa kontua. Hogeitaka urte pasata joan nintzen beste behin, kanpoko lagun batekin, exotismoa erakustera, eta gauza bera. Ez zuen musikaren beroak, ezta edanarenak eta giro apartak ere muina estali. Biriken arnas hartze estua bakarrik ikusten nion zezenari, odola etorri baino lehen, banderilak etorri baino lehen, eta etzanda eraman zutenean ezin nuen txalorik egin haren mihia ahotik irtenda hondarraren kontra arrastaka ikusita.
Zezenketen kontra nago, baina ez nago galdeketaren alde. Eta ez da kontraesana. Kalkulu hutsa da, zeharkaltearena, giro gaiztotzearena eta prezioarena. Sututa eta minduta daude zezenzaleak. Sututa eta asaldatuta zezenkontrak. Borroka egiteraino asko. Gau parranda batean 40tik gorako bi gizonek zezenketa tarteko joka bukatu zutela entzun nuenean, garbi eduki nuen: ez gaude prestatuta. Ez du korridak justifikatzen halakorik. Zezenak kenduko balira…. «nik zezenetara joateko dudan eskubidea non geratzen da?», «zergatik erabaki behar dute besteek nik ezin dudala zezenetara joan? Inposaketa hutsa da azkenean», entzun nion lehengoan bati. Eta Muu-koak erantzun: «Gehiengoak erabakitzen badu, ez da hori baino erabaki demokratikoagorik».
Ados. Baina hain da itxurakeria hau guztia! Ikurra bakarrik dago jokoan.
700 lagun joaten ziren lehen plazara. Orain 400. Martxa horretan segituan bihurtuko litzake Zestoakoa Tolosako zezen plaza. Han ez dute korridarik egiten, gero eta jende gutxiago joaten zelako, harik eta ez egitea erabaki arte. Nire uste apalean, bost bat urteren bueltan hilko litzake zezenketa. Eta heriotza hori azkartu nahi izan ezkero, udalak dirutan laguntzeari utzi, eta azkarragoa akabera.
Animaliekin basakeriarik ez egitea bada jarrera, zezenekin batera joan beharko luke Aizarnako oilasko biltzeak ere. Animaliekin heriotza ikuskizunik ez.
Egunero mintzen naiz korridatan beste pasiatzera joan, eta kate zakurrak ikusten ditudanean. Bizi osoko torturak, metro bat luzeko katean zoro, bueltaka eta beren kaka janez. Eta ez diot inori entzun halakoen erroldak egin eta isunik jarri behar dutenik.
Idiei buruzkorik, ahariei buruzkorik ez besterik.
Zezenketak ez dira zezenketak bakarrik, zezenketak gaizki ulertutako identidade zeinuak dira. Eta folklore espainiarrari utikan esan nahia. Eta entenditu daiteke. Baina gu izan ginen zezenketen zaleak haiek baino lehen.
Barrea eragingo dizue akaso. Nire birraitona toreroa zen. Joxe okelika, donostiarra. Sindikalista abertzale petoa, gudaria, gerra zibilean erbesteratua. Orduko hainbeste gizon bezala, zurruteroa, eta toreroa. Salamankara joaten zen torero ihesi, eta ezkondutakoan emazteak uzten ez, eta ezkutuan, isilean, bi alabak hartu eta Debako plazara toreatzera.
Bitxikeria baino ez da, baina gure familian, torero familia deitu nahi badiozue, hiru belaunalditan iritsi gara zezenketen zaleak 0 izatera. Nire lehengusu-lehengusinetatiok, inor ez. Gurasoenean erdi eta erdi, eta aurrekoan 10etik 8 zezenzale. Ez da izango gurea seguruenera orokortzeko modukoa, baina basakeria festaren gainetik ikusteko sensibilitatea gailentzen ari da, gaur ume txikien guraso diren gehienek nekez eramango dituzte zezenetara euren txikiak eta ankerkeriaren begirada ez erakutsi.
Gurean bazen ume bat oso zezenzalea, eta zezenak ikustearren,TVEn zezenketak ikusten zituen. Zezena odoletan hasten zenean negarrez hasten zen, eta hiltzen zutenean, zotinka. Amak esaten zion, «lasai enfermerira eramango dute. Eta ateratzen zutenean hurrengo zezena, esaten zion: ikusten, sendatu dute». Ez dira hainbeste urte pasa nire ume belarriek hau entzuten zutenetik. Ze gurasok egingo luke gaur?
Ikusten ditut zezenketak kentzearen alde ari direnen artean benetan sinistutako asko, baina baita aprobetxategiak ere, iritzi jasotze zintzo bat behar lukeena, indar erakustaldi kasi fanatiko bihurtuta. Herria gurea da esanez, harro. Ez naiz gustura sentitzen zezenketen kontrakoek hartu duten jarrerarekin, nahiz eta haietakoa izan.
