Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bi orduko udalbatzarra egin zuten herenegun Azpeitiko udaletxean. Gai eta mozio ugari eztabaidatu zuten, baina alderdien arteko eztabaida sutsuena hondakinen kudeaketaren inguruko mozioek eragin zuten: EAJk, Bilduk eta Hamaikabatek mozio bana aurkeztu zuten. Bilduk aurkeztutakoa bakarrik onartu zen, Bildukoen aldeko botoekin; EAJkoek eta Hamaikabatekoak kontra bozkatu zuten. EAJko eta Hamaikabatekoen mozioek euren aldeko botoak jaso zituzten, eta Bildukoen kontrakoak.
Bilduko mozioaren arabera, Azpeitiko Udalak hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatu behar direla aldarrikatuko du. Eta Azpeitian dagoen hondakinen arazoari irtenbidea emateko, «hondakinen ahalik eta birziklapen maila altuena» lortu behar da. Bilduren arabera, «Azpeitian hondakinen %28 bakarrik botatzen da birziklatzera, eta hondakinen %90 da birziklagarria».
Azpeitiko Udalak erabaki du ahalik eta hondakin gehien birziklatzeko «gure herriko berezitasunetara egokitutako hondakinen bilketa sistema diseinatu eta ezartzea». Horretarako, herritarrei informazioa bidali eta bilketa sistemaren diseinuan «herritarrekin elkarlana bultzatzea» erabaki du udalak Bilduko mozioa onartuta. Hala, eragileek eta herritarrek parte hartzeko bitartekoak jarriko ditu udalak.
Epemuga kontutan
Hamaikabateko Aitor Aranguren zinegotziaren ustez, dagokion udal batzordean hondakinen kudeaketaz gutxi eztabaidatu da: «Pena ematen dit, ordubete eskas eztabaidatu eta gaia udalbatzarrera ekartzea. Hondakinen gaiak luzerako ematen du, eta lasai aztertu behar da». Horren aurrean, Eneko Etxeberria alkateak (Bildu) gogorarazi zion errausteko plantaren kontuan ekainean bukatzen dela Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak erabakia hartzeko itunaren sei hilabeteko epea: «Gu errausteko plantaren aurka gaude, ez delako irtenbidea. Ez dugu nahi ez Azpeitian, ez Gipuzkoan. Eta gure esku dago errauste planta gelditzea». Birziklatzearen kontrakoa dela azaldu zuen alkateak, «materia organikoa erretzeko beharrezkoa baitu birziklatu daitezkeen papera, kartoia, plastikoa...».
Hondakinei aurrea hartuz
Azken hilabeteotan hondakinen prebentzioan «udalak ezer ez» duela egin esan zuen Arangurenek. Baina, adibideak esku artean, hori gezurtatu zion Leire Etxaniz Bilduko zinegotzi eta Urola Erdiko Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakariak: «Hil honetan prebentzioaren inguruko jardunaldiak hasiko ditugu; informazio orriak prest ditugu etxez etxe banatzeko; autokonpostajeko ikastaroak ematen eta eskaintzen ari gara, eta gero eta herritar gehiago ari da horretan».
Horrez gain, Azpeitian atez atekoa jartzea erabakita dagoela eta «inposizioa» dela kritikatu zuen Arangurenek. Orduan, Aritz Epelde Bilduko zinegotziak hartu zuen hitza, Arangureni erantzuteko: «Errauste planta egin edo ez zein herritarri galdetu zitzaion? Eta hori erabakitzeko orduan Hamaikabat hantxe zegoen», adierazi zuen. EAJ bat etorri zen Arangurenekin eta haiek «errauste plantaren alde baino, hondakinen plan integral baten alde» daudela esan zuen alderdi horretako Jesus Larrañaga zinegotziak. Atez atekoa «inposatzea nahi» dutela gaineratu zuen.
Larrañagaren ustez ere, atez atekoaren aldeko erabakia dagoeneko hartuta dago, eta EAJkoak ez daude horren alde. Zinegotzi jeltzalearen ustez, «jendearen kolaborazioa bilatu» behar da, baina Bilduk azpeitiarrak ez ditu aintzat hartu. Ekaina baino lehen, herri kontsulta martxan jartzea eskatzen zuen EAJren mozioak. Horrez gain, herritarrei Azpeitian atez ateko bilketa sistema ezartzearen aldekoa zara? Bai ala ez galdetzeko eskatzen zuen. Mozioa, ordea, ez zen onartua izan.
Bilduko udal ordezkariak errauste plantaren kontra daude, haien ustez gaur egun hondakinekin dagoen arazoaren irtenbidea ez delako hori: «zaborrak lehengai dituen industria arriskutsu eta kutsakorra delako; birziklatzearen aurkakoa delako; erraustegiek ere zabortegiak behar dituztelako; eta, nahiz eta energiaren zati bat berreskuratu, horretarako erregai fosilak erre beharra dagoelako».
«Bilketa da alternatibaren oinarria» Bildurentzat. Ingurune bakoitzari egokitutako bilketaren alde daude: «Hondakinen kudeaketan eredua aldatu beharra dugu eta batik bat prebentzioan oinarritu behar dugu. Europatik datorren eta Zero Zabor filosofiarekin bat eginez bultzatuko dugun hierarkia da: murriztu, berrerabili eta birziklatu».
Partaidetza araudiak hasierako onespena jaso du
daleko Bilduko ordezkariek proposatutako herritarren parte hartzeko araudiari hasierako onespena eman zioten herenegungo udalbatzarrean. Erabakia Bilduko ordezkarien aldeko botoekin eta EAJkoen eta Hamaikabatekoaren abstentzioarekin hartu zuten.
Parte hartzeko araudia jendaurrean erakusgai jarriko dute orain, eta haren gaineko ekarpenak eta proposamenak egiteko aukera izango dute herritarrek. Azpeitiko Udalaren webgunean (www.azpeitia.net) irakurgai dago araudia.
Parte hartzeko araudiak, besteak beste, herritarren parte hartzeko hainbat tresna jasotzen ditu, Eneko Etxeberria alkateak (Bildu) azaldutakoaren arabera: «Herritarrei koltsultak egiteko bideak, figura berriak...». Partaidetza araudiak herritarrek udalaren berri jakiteko bidea izan behar duela gaineratu zuen alkateak, «herritarrek jakin dezaten udala zer egiten ari den. Azken batean, araudi horrek herritarrek udala gertu izatea du helburu».
Herritarrek parte hartzeko aukera izatearekin EAJ ados dagoela azaldu zuen Jesus Larrañaga zinegotziak, baina araudiaren proposamenaren gainean zalantzak dituztela azaldu zuen: «Proposamenean hainbat kontu gehiago aztertu eta zehaztu behar direla uste dugu».
Hamaikabateko Aitor Aranguren zinegotzia ere bat etorri zen Larrañagarekin: «Araudi hau egin beharrekoa dela iruditzen zait, baina zenbait kontu nahasiak daude». Araudiaren inguruan «hausnarketa lasaia» egin beharra dagoela esan zuen Arangurenek, araudia bereziki batzorde batean lantzea eskatuz.
Orain udalak onartutako araudia hasierako proposamena edo zirriborroa dela, eta hemendik aurrera horren gainean ekarpenak egiteko aukera dagoela erantzun zien alkateak EAJko eta Hamaikabateko ordezkariei. Oraingoz, araudiari hasierako onespena emango zaiola argitu zuen alkateak.
Kaleko mahaien araudia
Herriko kaleetan eta plazetan mahaiak eta aulkiak jarri eta erabiltzea arautuko duen udal ordenantzari ere hasierako onespena eman dio Udalak. Kasu honetan, aho batez hartu zuten erabakia udalbatzarrean.
Araudi hau, besteak beste, herriko kaleetan eta plazetan merkatariek eta tabernariek jartzen dituzten aulkien,mahaien eta toldoen ingurukoa da.
Ordenantza hori orain jendaurrean jarriko dute, eta ekarpenak edo alegazioak egiteko aukera egongo da, udalak behin betiko onespena eman aurretik.
Agintarau baten aldaketa
Herri barruko bide publikoen erabilera, trafiko, zirkulazio eta segurtasuna arautuko dituen udal agintaraua aldatzea ere erabaki zuen udalak. Aldaketa Bilduk, EAJk eta Hamaikabatek aho batez onartu zuten.
Hemendik aurrera, 72 orduz toki berean auto bat aparkatuta badago Salgai, Se vende edo antzeko kartela jarrita, isuna jarriko diote. Aritz Epelde Zerbitzu Orokorretako zinegotziak (Bildu) azaldu duenez, udaletxean kexa asko jaso dituztenez araudia aldatzea erabaki dute. Kontu honen gainean, batik bat Landetako auzotarren kexak jaso dituzte udaletxean.