Erabilera anitzerako aretoa baliatu ahal izango dute oriotarrek eta elkarteek

Ane Olaizola 2012ko maiatzaren 10a

Orioko Udalak erabilera anitzerako lokal bat sortu du, Salatxo Plaza berriaren azpian. Oraindik guztiz amaitu gabe dago aretoa, altzariak jartzea falta delako. Baina udalak adierazi duenez, hornitze lanak egin dituzte dagoeneko. Beñat Solaberrieta Orioko alkateak adierazi du gela publikoaren funtzionamendu zehatza oraindik zehaztu gabe dutela, baina herriko elkarteek, taldeek eta herritarrek erabili ahal izango dutela adierazi du. Hala, aurrerantzean kontzertuak, hitzaldiak, bilerak, agerraldiak eta halako ekitaldiak egiteko lokal berria izango dutela aurreratu du. «Edozein gauza goxo eta txiki egiteko gune egokia da aretoa», dio Solaberrietak. Hain zuzen, pasa zen igandean inauguratu zuten Salatxo Plaza, eta herritarrek orduan izan zuten erabilera anitzerako gela ikusteko aukera. Inaugurazioa meza nagusiaren ondoren egin zuten, 13:00etan. Bertan Salatxo abesbatzak kontzertua eman zuen, eta Danbolin Musika Eskolako soka taldeak kantu batzuk eskaini zizkien ekitaldira joan ziren herritarrek. Harribil dantza taldeak ere hartu zuen parte ekitaldian. Ekitaldi txikientzako egokia Erabilera anitzerako aretoak berrogeita hamar lagun ingururentzako du lekua. Orain arte, Orioko kultur etxean egiten ziren gisa horretako saioak, baina Solaberrietaren ustez, askotan «handiegia» geratzen da azpiegitura hori, eta, beraz, ekitaldi batzuk egiteko gela berria «aproposa» izango dela deritzo. «Herrian egiten diren ekitaldietan, normalean, 40-50 lagunentzako edukierarekin ibiltzen gara. Beraz, areto hau nahikoa litzateke kasu gehienetarako». Salatxo Plaza berria egitearekin batera sortu dute aretoa, bertan sortu zen «hutsunea» aprobetxatuz. San Nikolas eliza ingurua konpontzeko proiektuaren bigarren fasearen baitan egin dituzte lanak, eta espazio publiko berria sortu dute. «Ingurua garbitu eta txukundu» dute, eta belargune bat ere ezarrio diote plazatxoari. Aurretik, lekua «oso iluna» zela adierazi du alkateak, eta orain «argiztapen egokia» eman diotela aipatu du. Halaber, plazaren goiko eta beheko aldetik sarrerak prestatu dituzte. Finean, lekua «erabilgarri» bilakatu dutela nabarmendu du Solaberrietak. San Nikolas eliza ingurua egokitzeko lanen lehenengo fasean zimitario aurreko plaza egin zuten. Gero hasi ziren Salatxo Plaza egiten. Duela hilabete batzuk amaitu zituzten lanak. San Nikolas eliza eta Salatxo etxearen eta ondoko haitzaren artean sortu dute gune publiko berria, gaur egun elizako zimitoriotik behera doazen eskailaren amaieran. Horretarako, zimitoriotik behera jaitsita zegoen utzitako eraikina bota zuen Orioko Udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide