Punk-rock dosia, lurralde zekenari aurre egiteko

Aritz Mutiozabal 2012ko maiatzaren 10a

Ihes Naiz laukotea Marea Gora tabernan ariko da bihar zuzenean, Fulland estreinako diskoa aurkezten. Harlore, No Talent Trio eta Inoxidable taldeen errautsetatik sortu zuten taldea, 2009ko ekainean, Iñigo Azkue baxu-jotzaileak eta abeslariak, Lander Azkue eta Ivan Garcia gitarristek, eta Guillermo Garcia bateria-jotzaileak. «Musika joera eta gustu berekoak ginen taldekide guztiok, baina beste ukitu bat eman nahi genion talde berriari, 1990eko hamarkadako punk-rockera bideratuz», dio Ivan Garciak taldearen ildoaren inguruan. Soinudun erreferentzia bat izateko argitaratu dute diskoa. «Kontzertuetan jotzen genuenean entzuleek ez zituzten gure abestiak ezagutzen. Beraz, publiko bat izateko edo jendea gure emanaldietara etortzeko, lagin moduko zerbait eduki nahi genuen», kontatu du taldeko abeslari eta baxu-jotzaile Iñigo Azkuek. Mantisa taldeko Iosu Gonzalezen gidaritzapean grabatu, nahastu eta masterizatu dute, Noisestudio estudioan. Azaroa eta abendua bitartean aritu dira lanean, baina patxadaz grabatu dute, astean pare bat egunez. Taldekide batzuetzat, gainera, estudio batean sartdu diren lehen aldia da, baina horrek ez ditu kikildu, eta «esperientzia polita» izan dela nabarmendu du Garciak. Korrontearen kontra Printzipioz, iraupen laburreko diskoa da Fulland, eta sei abesti jaso dituzte bertan: Fulland, Ez naiz dirudien gizona, Beirazko panpinak, Garai txarretan, Ametsa amaitzean eta Eskola, hurrenkera horretan. Diskoko lehen abestia aukeratu dute lanari izena emateko. «Hitz joko bat da, full [...]

Ihes naiz

Ihes Naiz laukoteak Fulland izeneko diskoa kaleratu du (Argazkilaria: Mikel Yerobi)

Ihes Naiz laukotea Marea Gora tabernan ariko da bihar zuzenean, Fulland estreinako diskoa aurkezten. Harlore, No Talent Trio eta Inoxidable taldeen errautsetatik sortu zuten taldea, 2009ko ekainean, Iñigo Azkue baxu-jotzaileak eta abeslariak, Lander Azkue eta Ivan Garcia gitarristek, eta Guillermo Garcia bateria-jotzaileak. «Musika joera eta gustu berekoak ginen taldekide guztiok, baina beste ukitu bat eman nahi genion talde berriari, 1990eko hamarkadako punk-rockera bideratuz», dio Ivan Garciak taldearen ildoaren inguruan.

Soinudun erreferentzia bat izateko argitaratu dute diskoa. «Kontzertuetan jotzen genuenean entzuleek ez zituzten gure abestiak ezagutzen. Beraz, publiko bat izateko edo jendea gure emanaldietara etortzeko, lagin moduko zerbait eduki nahi genuen», kontatu du taldeko abeslari eta baxu-jotzaile Iñigo Azkuek.

Mantisa taldeko Iosu Gonzalezen gidaritzapean grabatu, nahastu eta masterizatu dute, Noisestudio estudioan. Azaroa eta abendua bitartean aritu dira lanean, baina patxadaz grabatu dute, astean pare bat egunez. Taldekide batzuetzat, gainera, estudio batean sartdu diren lehen aldia da, baina horrek ez ditu kikildu, eta «esperientzia polita» izan dela nabarmendu du Garciak.

Korrontearen kontra
Printzipioz, iraupen laburreko diskoa da Fulland, eta sei abesti jaso dituzte bertan: Fulland, Ez naiz dirudien gizona, Beirazko panpinak, Garai txarretan, Ametsa amaitzean eta Eskola, hurrenkera horretan. Diskoko lehen abestia aukeratu dute lanari izena emateko. «Hitz joko bat da, full (zeken) eta land (tokia) hitzak uztartuz. Kritika bat da Zarauzko jendeak duen gustuen inguruan, bai musikalki bai janzkeran».  Alde horretatik, «askotan korrontearen kontra bezala goaz, tokiz kanpo bageunde bezala».

Oro har, abesti guztietan taldekideen bizipenak eta kezkak dira hizpide. «Nahiko ohikoa da, baina egunerokoaren eta sentitzen ditugun gauzen inguruan abesten dugu». Zuzeneko emanaldietan, aipatutako sei abestiez gain, diskoan jaso ez dituzten bi abesti (Mamuak eta Ero) propio eta beste bi bertsio jotzen dituzte.

Punk-rock melodikoa jorratzen dute, gero eta emo kutsu nabariagoarekin, eta 1990eko hamarkadako taldeak oinarri hartuta; besteak beste, Hüsker Dü, Samian, Jawbreaker eta Face To Face. Atzerriko taldeen eragina ez ezik, etxekoena ere badute. Izan ere, Ihes Naizen melodiek eta erritmoek Mantisa gogorarazten dute. «Jendeak ere hori esaten digu», onartu du Iñigo Azkue.

Konparazioak saihestezinak dira, Azkue bi taldetako kidea baita. «Bietan aritzeak beti eragiten du, nahiz eta niretzat ezberdinak diren».Taldekideek argi eta garbi utzi nahi dute Ihes Naiz «askoz ere punk-rockeroagoa» dela: «Guk erritmo sinpleagoak erabiltzen ditugu, eta Mantisa teknikoagoa da».

Diskoa euskarri fisikoan kaleratu dute, eta sei eurotan saltzen ari dira kontzertuetan. Edonola ere, abesti berriak sarean jarri dituzte entzungai, Ihes Naizen Myspace eta Bandcamp helbideetan. Azken atari horretan, gainera, diskoaren bertsio digitala eros daiteke. «Grabazioaren eta kopien kostuak estali arte izango ditugu salgai. Ondoren doan jaisteko aukera jarriko dugu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide