Egunsenti Otxoteak hamabost urte bete ditu aurten, eta urtemugaren aitzakian hamaika ekimen egingo dituzte kideek urte osoan, Orioko Udalaren laguntzaz. Lehenenengo ekintza igande honetarako prestatu du abesbatzak. Herriko kaleetan zehar kantu jira egingo dute, eta ahalik eta herritar gehien elkartu nahi dituzte. Bertaratzen diren guztiek batera abes dezaten, «ahalik eta kantu ezagun eta politenak» biltzen saiatuko direla adierazi du otxoteak. «Orion arrauna maite da, baina beste gauza askoren artean, kantua ere bai. Paperak prest izango ditugu bildutako kantuekin, eta ez da entsegurik izango», adierazi du taldeak. Hala, zuzenean aterako dira kalera.
Taldekideak 12:00etan elkartuko dira, Danbolin Musika Eskola inguruan, eta herritarrei dei egin die «lotsa alde batera utzi», eta ekimenean parte hartzera.
Igandeko ekitaldiaz gain, ordea, beste hainbat saio ere prestatzen ari dira datozen hilabeteetarako. Orioko San Nikolas elizan kontzertua eskaintzeko asmoa dute, besteak beste. Orion ez ezik, inguruko bizpahiru herritako kaleak ere girotuko dituzte.
Hamabost urtez kantuan
Joxe Mari Lizaso abesbatzako zuzendaria da egun, eta taldearen sorreraretik da bertako partaide. Orion abesteko ohitura handia zegoela gogoratzen du Lizasok, eta herrian kantagintza «pizteko» asmoz sortu zutela adierazi du. «Taldea osatzen dugun guztiok ibili izan gara aurretik halako kontuetan». Hasieratik, ordea, otxote «arraroa» izan dela adierazi du zuzendariak: «Hamahiru lagun hasi ginen, eta orain hamar aritzen gara kantuan».
Taldea sortu zenetik, herriko festa eta bestelako ekitaldi askotan izan dira kantuan. Halaber, noizean behin Donostian mezaren batean ere abestu dute. Aurrerantzean ere hala jarraitzeko asmoa baldin badute ere, kideak «adinean aurrera» doazela adierazi du. Egun guztiak dira erretiratuak, eta gazteen erreleborik ez dute. Egun kantuan aritzeko ohitura galduta dagoela uste du zuzendariak.Duela urte batzuk kantu jirarik egiteko beharrik
ere ez zegola adierazi du Lizasok: «Kalera edo kafea hartzen joaten ginenean, guztiok abesten genuen; edozein momentutan kuadrilaren bat kantuan hasten zen, eta jarraitu egiten zitzaion».