Urtebete igaro da kultur etxeak eta liburutegiak Foronda jauregia utzi eta herrigunera, Zumaiako Udalak goitik behera eraberritutako Alondegira, ekarri zituztenetik. Orain, kultur azpiegituraren urtemuga ospatze aldera, kultur asteburua antolatu dute, etzi hasi eta igandea bitartean. Beraz, ekitaldi eskaintza zabala egingo du egunotan, urte osoan jarraitu duen filosofia berarekin; hau da, herriko talde eta norbanakoen lanak eskaini ditu, herriko kultur eragileak bultzatu nahian.
Hori horrela, eta zinema aretoetara iritsi aurretik, Jon Maiaren Gazta zati bat film dokumentala izango da ikusgai asteburu osoan, 19:30etik aurrera, Aita Marin. Ostiralean, gainera, Jon Maia berak aurkeztuko du filma. Bestalde, Xabier Irureta margolari zumaiarraren lanak izango da ikusgai Oxford aretoan. Horietan herriko txoko ezberdinak eta jende ezaguna irudikatu ditu. Bihar arratsaldean irekiko dute erakusketa, eta hilaren 26a bitartean bisitatu ahal izango dute herritarrek.
Herritarren kultur ekarpenekin batera, beste hainbat ekitaldi ere izango da: Los Trotamusicos musika taldearen kontzertu emanaldia, Aldatzen Laguntzen taldearen Ispilua antzezlana, Apika taldearen Dinosauro Egitasmoa pailazo ikuskizuna, eta Miriam Luki idazlearen eta Concceta Probanza ilustratzailearen Euslandia ikuskizun diziplina anitza.
Ekitaldi guztiek doako sarrera izango dute. Nolanahi ere, etzi Gazta zati bat dokumentalaren aurkezpen-emanaldian izan nahi dutenek gonbidapena jaso beharko dute Turismo bulegoan, gaurtik aurrera.
Erantzun ona
Udala gustura dago urtebete honetan Alondegiak izan duen harrerarekin. Taldeek «berena» sentitu dutela nabarmendu du, eta horren erakusgarri dela bertan antolatu diren ekitaldien kopurua. Adibidez, Oxford aretoko erakusketak 2013rako programatzen ari dira dagoeneko, eta urte hori ere betetzear dute. Horren harira, herritarrek ere «erantzun bikaina» eman diete erakusketei; izan ere, urtebetean 10.000 ikusletik gora pasatu dira aretotik.
Erakusketak erakusketa, denetariko kultur adierazpenei egin die tartea Alondegiak: hitzaldiei, kontzertuei, antzezlanei, ipuin kontaketei, bilerei.... Denek lekua izan dezaten «koordinazioa bilatu eta lortu» dute. Eta aurrerantzean ere, bide horretan «gauzak oraindik eta hobeto uztartzeko» lanean jarraituko dute.
Helduen eta haurren liburutegia ere Alondegian bertan kokatuta dago duela urtebetetik. Epe horretan, askoz ere jende gehiagok erabili du zerbitzua. Alde batetik, liburutegiaren erabiltzaileen kopuruak % 91 egin du gora. Bestetik, liburutegiko txartela atera eta bazkide egin direnen kopurua hirukoiztu egin da. Gaur egun, 4.121 herritarrek dute liburutegiko bazkide txartela.
Bazkide kopuruaren gorakadarekin batera, modu paraleloan, liburuen mailegu kopuruak ere nabarmen egin du gora. Urtebete honetan 2010ean baino %40 mailegu gehiago egin dituzte. Gauzak horrela, bada zer ospatu.
Egitaraua
Maiatzak 11, etzi
-19:30ean. Jon Maiaren Gazta zati bat film dokumentala, Aita Mari aretoan.
-22:00etan. Oxford aretoan, Aldatzen Laguntzen taldearen Ispilua antzezlana.
Maiatzak 12, larunbata
-19:00etan. Los Trotamusicos soul taldea, Kofradian.
-19:30ean. Jon Maiaren Gazta zati bat film dokumentala, Aita Mari aretoan.
-22:00etan. Oxford aretoan, Euslandia - Unibertso txiki bat ikuskizun anitza: musika, antzerkia, pintura...
Maiatzak13, igandea
-18:00etan. Oxford aretoan, Apika taldeko Monda eta Lironda pailazoen Dinosauro Egitasmoa ikuskizuna.
-19:30ean. Jon Maiaren Gazta zati bat film dokumentala, Aita Mari aretoan.