Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioak, Azpeitiko Tren Museoko urteko jardueren artean, Tren Bidea argazki lehiaketa antolatu du lehen aldiz. Adin nagusiko edozein argazkilarik har dezake parte, eta aurkeztutako irudiek trenbidearekin lotura zuzena izan beharko dute. Zehatzago esateko, Euskal Herriko trenbide sareko trenak irudikatzea da lehiaketako helburu nagusia.
Argazkia bisualizatzeko, ateratzeko eta aurkezteko denbora soberan dago oraindik. Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioak eguna irailaren 21a arte jasoko ditu irudiak. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez ere bi argazki aurkeztu ahal izango ditu, eta argazki bakoitzaren atzealdean parte-hartzaile bakoitzak aukeratutako ezizena eta lanaren izenburua jarri beharko ditu. Egilearen datuak gutunazal itxi batean aurkeztuko dira, lanarekin batera; gutunak, gainera, aukeratutako ezizena eta lanaren izenburua eraman beharko du kanpoaldean.
Epaimahaia Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioak izendatuko du, eta honek 50 argazki finalista aukeratuko ditu lehenik eta behin. Zerrenda horretatik hiru argazki sarituko dituzte. Irabazleak 800 euro eta diploma jasoko du; bigarrenak, 500 euro eta diploma; hirugarrenak, 300 euro eta diploma. Saritutako lanekin eta finalistekin Euskal Museoaren Fundazioak erakusketa antolatu, eta katalogo bat argitaratuko du.
Lehiaketa honek Euskal Herriko Argazkilari taldeen Elkarteak antolatutako Argizaiola lehiaketarako baliagarria da.
Argazki lehiaketari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
www.bemfundazioa.org