Gipuzkoako Bertso Eskolen VIII. Egunean 300 haur elkartu dira Zumaian. Herenegun ospatu zuten ekimena, eta goizean goizetik kolore gorria nagusitu zen herriko txokoetan, bertaratu ziren guztiek kolore horretako elastikoak baitzituzten jantzita; gainera, aurtengoan, herriaren izaerara hurbilduz, umeek olagarro baten irudia izan dute soinean, eta animalia horixe irudikatu dute kalean ateratako argazkietan.
Antolatzaileen esanetan, lehenengo momentutik «giro ederra» nagusitu zen igandean, eta Bertso Eguna izanik, bertso eta musikaren inguruko ekimen ugari izan ziren herritarren eta bertsolarien gozagarri. Eguraldiak, azkenean, aurreikusita zituzten ekitaldi guztiak egitea ahalbidetu zuen. Hala, Eusebio Gurrutxaga plazan haur eta gaztetxo guztiak elkartu ostean, lip-dub bat grabatzeari ekin zioten. Taldetan banatuta, aldez aurretik ongi prestatua zuten koreografia dantzatu zuten haurrek hainbat txokotan.
Bazkaltzeko tartetxoa izan ostean jarraitu zuen festak, Jon Urbieta disko jartzailearen eskutik. Bertso trama berezia egin zuten gero, Maria eta Jose Ikastetxean. Josu Goikoetxeak zuzenduta, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Beñat Gaztelumendi eta Aitor Sarriegi bertsolariek saio «bizia» eta «umoretsua» eskaini zuten.
Antolatzaileak, esker oneko
Egitasmoaren helburuetako bat ere bada «harremanak sendotzea» eta elkar ezagutzea, eta antolatzaileak pozik dira aurtengo Bertso Eskolen Egunak izan duen harrerarekin. Edurne Soraluze Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko transmisio eragilearen arabera, «eskertzekoa da hainbeste lagun animatu izana egun eder hau ospatzera», eta begirale lanetan aritu diren irakasle eta zuzendarien jarduna eskertu du. «Haien laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzateke egun hau ospatzea». Halaber, zumaiarrek izan duten jarrera «ezin hobea» izan dela nabarmendu du. «Egin ditugun jolas eta ekintza guztietan laguntzeko borondatea erakutsi dute». Zumaiako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Zumaiako Bertso Eskolaren laguntza eskertu du Soraluzek.
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak aurrerantzean «bide berean» lan egiteko konpromisoa hartu du. Izan ere, elkartearentzat transmisioa «garrantzia handiko eremu estrategikoa» da. Horien arabera, herenegun Zumaian elkartu ziren ume eta gaztetxo asko hezkuntza arautuan eskaintzen duten Gu ere bertsotan egitasmoaren emaitza dira. «Hamaika irakasle ari ddaira hezkuntza arautuan Ahozkotasuna eta bertsolaritza izeneko proiektuarekin lanean, eta beste mordo bat Gipuzkoako bertso eskoletan dago. Gaurko eguna ahalegin horren ondorioa ere bada».