Errefuxiatuei buruzko eztabaida izango da gaur Gazte Astean

Nerea Uranga 2012ko maiatzaren 8a

Azpeitiko Gazte Asanbladak Gazte Astea antolatu du igandera arte. Atzo eman zioten hasiera, 18:30ean, txupinazoarekin. Urtero Gazte Astean aldarrikapena eta festa uztartzen saiatzen direla azaldu dute kideek. Atzo, kaleetan barrena parodiatxoak egin zituzten, eta gero afaria izan zen gaztetxean. Egunero-egunero izango da ekitaldiren bat gaztetxean: hitzaldiak, mahai-ingurua, dokumental emanaldia, bertso trama, bazkaria, kalejira aldarrikatzailea... Eztabaidarako tartea eskaintzeaz gainera, ondo pasatzeko ekitaldiak ere iragarri dituzte Gazte Asterako. Egunero afaria izango da gaztetxean; ostegunean bertso trama Jokin Uranga eta Fredi Paiarekin; ostiralean, saiheski jana, herriko plazan. Larunbatean, haurrentzako jolasak eta helduentzako pintxoak goizean, bazkaria eguerdian, eta afari-merienda eta kontzertuak gauean, gaztetxean. Igandean, film laburren emanaldia eskainiko dute, azken ekimen gisa. Egitaraua Maiatzak 8. 18:30ean, errefuxiatuen eta deportatuen inguruko mahai-ingurua. Maiatzak 9. 18:30ean, erraustegien inguruko dokumentala. Maiatzak 10. 18:30ean, lan erreformari buruzko hitzaldia eta pintxo-jana, gaztetxean. 22:00etan, bertso trama. Maiatzak 11. Malabareak, sahieski-jana eta parodia, plazan. Maiatzak 12. Gaztetxean haurrentzako jolasak eta pintxoak. 14:00etan, bazkaria. Gero, kalejira, afari-merienda eta kontzertuak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide