Hondakinen kudeaketaz herritarrekin bilera irekiak egingo ditu Azpeitiko Udalak. Hondakinen arazoari irtenbidea emateko udalaren, eragileen eta herritarren elkarlana ezinbestekoa dela uste du, izan ere. Maiatzaren 16an hasiko da batzarrekin, eta bost bilera egingo ditu herritarrekin.
Urteetan Azpeitiko eta inguruetako herritarren hondakinak zabortegian pilatuta, «gauzak gaizki» egiten ari direla adierazi du Azpeitiko Udalak, eta ondorioak larriak direla. Europako zuzentarauak agindutakoa ere ez dela betetzen gehitu du. Kontua patxadaz landu, eta erabakiak herrira egokitu nahi ditu udalak.
Hondakinen kudeaketan ere Azpeitia «herri eredugarria» izateko ahalegina egin behar dela dio Azpeitiko Udalak. «Horretarako gauzak ongi egin behar dira, bai baitakigu gaia politizatuegia dagoela». Hondakinen kudeaketa «herriko berezitasunetara eta erritmoetara moldatu» nahi dute udal ordezkariek. «Ahalik eta gehien birziklatzea ahalbidetuko duen bilketa sistema diseinatu eta ezarri nahi dugu Azpeitian». Lana herritarrekin elkarbanatu nahian, batzar zabalak antolatu ditu.
Gaur egungo hondakinen kudeaketarekin «dirua galtzen» dela dio udalak. «Balio handia duten lehengaiak hondakin kutsatzaile bilakatu ditugu, eta hori onartezina da».
Horrez gain, zabortegien gaur egungo sistemak «arazo larriak» eragiten ditu haren arabera, baina errauste planta «ez da irtenbidea». Udalak ez du Gipuzkoan errauste plantarik nahi. «Errauste plantak sortzen dituen arazo larriez gain, hondakinak erretzea ez da soluzioa, are gutxiago kostu ekonomiko horrekin».
Udalaren ustez, hondakinen kudeaketan eredua da aldatu beharrekoa, «batik bat prebentzioan oinarrituz». Hondakin kopurua murriztu beharra dago, «kontsumo eredu jasangarria» lortuz. «Ez da onargarria sortzen dugun hondakin kopurua, merkaturatzen ditugun produktuak, plastikoak...».
Hondakin gutxiago sortu, eta ondoren ahalik eta gehien berrerabili eta birziklatu behar da, udalaren ustez. Biltzeko modua da oso garrantzitsua. «Edukiontzien sistema, egun duguna, urrats handia izan da, baina hobetu egin behar dugu», diote udal ordezkariek. Gipuzkoako zenbait herritan atez ateko bilketa martxan jarri, eta «birziklatze tasa ikusgarriak» lortu dituztela aipatu dute.
Gaurko plenoko gaietako bat
Gaur udaletxean hondakinen inguruan eztabaida izango da, hileroko udalbatzarrean. 19:30ean hasiko da. Bilkuran hondakinen gaiaz eztabaidatuko dute; EA taldeak mozio bat aurkeztuko du, eta Bilduk beste bat.
Hondakinen gaiaz gainera, plenoan landuko dituzten gaiak hauek dira: apirilaren 3ko bilkuraren akta; herritarren partaidetzarako araudiari hasierako onespena; kaleetan eta plazetan mahaitxoak eta eserlekuak jarri eta erabiltzea arautuko duen udal araudiari hasierako onespena; herri barruko bide publikoaren erabilera, trafiko, zirkulazio eta segurtasuna arautuko dituen udal agintarauaren aldaketa; hondakinen gaia; Loiola Berrikuntza fundazioaren aldeko proposamena; udal euskaltegien diru murrizketaren inguruan udalaren adierazpena; Urolaren Napar Zuzterrak taldeak aurkeztutako adierazpena; alkatetzak iazko azarotik aurtengo urtarrila artean onartutako ebazpenak; eta bukatzeko, galderak eta erreguak.
Batzar irekien egutegia
Hondakinen kudeaketaz hitz egiteko Azpeitiko Udalak herritarrei zuzendutako batzar irekiak egingo ditu.
Maiatzak 16, asteazkena. Urrestillan egingo dute bilera, 20:30ean hasita. Urrestilla, Aratz-erreka, Nuarbe eta Matxinbentako bizilagunekin.
Maiatzak 17, osteguna.
Soreasun izango da batzarra, 20:30ean. Soreasuko, alde zaharreko, Madalenako, Juan XXIII. eko, Araneko, Santutxoko, Damaso Azkueko, Julian Elorzako eta Odria auzoko bizilagunei zuzenduta.
Maiatzak 22, asteartea.
Betharrametan izango da bilera, 20:30ean. Pablo VI.a, Garmendi, Artzubia,
Jose Artetxe, Landeta eta Oñatz auzoko bizilagunentzako.
Maiatzak 23, asteazkena. Betharrametan izango da bilera, 20:30ean. Euskal Herria, Sanjuandegi, Loiola, Loiolabide eta Izarraitz auzoko bizilagunentzat.
Maiatzak 24, osteguna.
Gazteleraz izango da batzarra. Betharrametan egingo dute, 20:30ean.