Larunbatetik iganderako gauean 39 eta 42 urteko bi gizonezko atxilotu zituen Ertzaintzak, ustez emakume bat sexu harremanak izatera behartu zutelako. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak esan duenez, larunbatean gaueko ordubata eta erdiak aldean jazo zen gertaera Azpeitiko etxe batean.
Ustez, bikotea lagun batekin etxean zegoen, eta senarrak emaztea behartu egin zuen berarekin eta lagunarekin sexu harremanak izatera. Emakumeak uko egin arren, senarrak bortizki eraso egin eta kolpatu zuen. Emakumeak etxetik ihes egitea lortu zuen, eta Ertzaintzari deitu zion. Ertzainek bi gizonak atxilotu zituzten. Erasotutako emakumearen senarrari genero indarkeria delitua leporatu diote, eta lagunari emakumeari lesioak egitea.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, emakumea osasun zentru
batera eraman zuten kolpeak sendatzera, eta honek ertzainei azaldu dienez, senarrak behin baino gehiagotan eman dio tratu txarra.
Udalaren salaketa
Azpeitiko Udalak «gogor salatu» du asteburuko gertaera, «emakume batek jasandako eraso sexista larria» delako. Horrez gain, gehiago horrelakorik ez gertatzeko beharrezko neurriak hartzeko konpromisoa berretsi du udalak.
Datozen asteetan emakumeenganako indarkeria amaitzeko protokoloa onartu eta martxan jarriko duela ere adierazi du Azpeitiko Udalak.
Beste bat gehiago
Azpeitian emakumeen kontrako beste indarkeria gertaera bat jazo da asteburuan. Ez da aurtengo aurrenekoa izan. Joan den
urtarrilaren bukaeran beste gizonezko bat atxilotu zuten, bikotekidea «bortizki erasotzeagatik». Orduan, Azpeitiko Udalak berak eman zuen gertaeraren berri , eta erasoa gogor salatu eta gaitzetsi zuen.