Defentsaren lekuko batek deklaratuko du ‘Azkue auziko’ helegitearen gaineko saioan

Zarauzko Hitza 2012ko maiatzaren 7a

Amaia Azkue auzian defentsak jarritako helegitearen inguruko saioa ari dira egiten, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian, Donostian. “Pilota helegitea jarri duenaren teilatuan dago”, adierazi du Miguel Castellsek, Azkuetarren abokatuak, epaiteg...

Amaia Azkue auzian defentsak jarritako helegitearen inguruko saioa ari dira egiten, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian, Donostian. “Pilota helegitea jarri duenaren teilatuan dago”, adierazi du Miguel Castellsek, Azkuetarren abokatuak, epaitegira iristean.

Defentsa abokatu Ioanes Laibaienek HITZAri azaldu dionez, 88 orriko helegitea aurkeztu du, eta puntu garrantzitsuenak aztertzeko eskatuko du gaurko saioan. Lekuko batek deklaratuko du, gainera. Ez du zehaztu lekuko berria den, edo aurreko saioetan auzitegitik igarotakoa.

Ordu eta erdi inguru iraungo du saioak, Labaienen esanetan. Castellsek ez du uste ezer askorik aldatuko denik helegitea jarrita ere. “Aurreko prozesuko lekukoen sinesgarritasuna ukiezina da”, dio.

Pasa den hilean epaileak hamar urteko kartzela ezarri zion Ander E.-ri. Hamar urte kartzelan igaro ostean, gazteak beste bost urte zaintzapeko askatasunean pasatuko ditu. Horren aurrean, haren abokatuak helegitea aurkeztu zuen absolbitzeko eskatuz. Azkueren familiak zein Fiskaltzak, ordea, epaia berresteko eskatu diote epaileari.

Irudian: Ioanes Labaien defentsa abokatua eta Ander E.-ren anaia, epaitegira heltzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide