“Lokal batekin egingo genezakena kalean irudikatu nahi dugu”. Hori da Ariola Eguna ospatzearen arrazoietako bat, eta horregatik kaleko txokoak kulturaz bete dituzte goizean. Ariola ekimenak lehenengo aldiz Ariola Eguna antolatu du; “gizarte sortzailea” lortzeko bidean, “barruan denok dugun artista” atera nahi izan dute herriko artistek, eta halaxe egin dute. Izan ere, hainbat gunetan banatuta, hamaika ekintza izan dira herrian; Frontoi txikian, esaterako, umek eta gazte askok serigrafia, graffiti tailerrak egin dituzte. Gainera, bitxigintza tailerra jaso dute bertaratu diren neska-mutilek. Musika plazan, berriz, zirku tailerrak izan dira.
“Krisi garaietan artea eta kultura inoiz baino gehiago” behar dela aldarrikatu dute antolatzaileek, eta horren erakusgarri izan dira bestelako ekimenak ere; herritarren begiradapean, kale antzerkiak ere izan dira han hemenka, eta Torre Luzean rap letren ta brake dance tailerrak egin dituzte; Azken Portuko baratzan, berriz, nekazaritza ekologikoaren edota birziklapenaren inguruko tailerrak izan dituzte.
Eguerdian, berriz, bazkaria egin dute Musika Plazan, eta arratsaldean herriko bertsolarien emanaldia izango da. Ondoren, tailerrek jarraituko dute: Ipurdi plazan sendabelar eta sukaldaritza tailerra izango da, 17:30ean, eta Frontoi Txikian goizean sortu dituzten lanen erakusketa jarriko dute.
Ariola Egunari amaiera emateko herriko bakarlari eta musikarien emanaldia izango da Frontoi Txikian, 20:00etan.








