Ariola ekimenak Ariola Eguna antolatu du biharko, herriko artisten eguna. Besteak beste, lokal batean egingo luketena kalean irudikatzea dute helburu Ariolakideek, herriko kultur egitasmoa iraultzea, eta krisi garaian artea eta kultura inoiz baino beharrezkoagoak direla aldarrikatzea.
Horretarako askotariko ekimenak antolatu dituzte, goizetik iluntzera. Horien bidez, artearekin esperimentatu, jolastu eta ikertu ahalko dute kultura librean sinesten duen orok. Pertsona guztiek barruan duten artista azaleratzea eta askotariko
sortzaileak bildu nahi dituzte hala, eta sorkuntza kalean erakustea. Eta bide batez, Ariolako lagun taldera jende gehiago biltzea.
Goizez zein arratsaldez arte tailerrak izango dira herriko txoko guztietan, antzerki eta zirku, bitxigintza, sukaldaritza, rap, nekazaritza ekologiko eta konpostaje eta birziklatzearen ingurukoak, esaterako. Eguerdian bazkaria izango da Musika Plazan. Honakoa da prestatuko dute menua: kalabaza zopa aromatikoa, babarrunak arroza eta melisarekin, eta laranja eta txokolate tarta. Sasoiko produktu ekologikoekin prestatutako otorduaz gozatu nahi dutenek aurrez Arrano, Eguzki eta Txiki Polit tabernetan, eta gaztetxean eskura ditzakete txartelak, 10 euroren truke. Egunean bertan 15 euro ordaindu beharko da.
Musikaren txanda
Arratsaldean, berriz, giro onari eusteko musika izango da nagusi. Bazkalostean herriko bertsolarien emanaldia izango da Musika Plazan, eta trikitilariekin kalejira gerora.
Eguna borobiltzeko, herriko bakarlariek eta musikariek kontzertuak eskainiko dituzte Frontoi Txikin.
EGITARAUA
-10:00. Frontoi Txikin, prestaketa lanak. Txistulariak herriko kaleetan zehar.
-10:30. Antzerki eta zirku tailerrak, udaletxe plazan. Leku berean, Argazki bidaia literarioa erakusketa.
-10:30-12:00. Azken Portuko baratzan sasoiko elikagaien erakusketa, eta nekazaritza ekologikoari buruzko tailerra.
-10:30-12:30. Rap letren tailerra, Torre Luzean.
-10:30-13:30. Serigrafia, sormen eta graffiti tailerrak, Frontoi Txikin.
-11:30-12:30. Bitxigintza tailerra, Frontoi Txikin.
-11:30-12:30. Break dance tailerra, Torre Luzean.
-12:00-13:00. Eko erosketaren eta konpostaje eta birziklatzearen inguruko tailerrak, Azken Portuko baratzan.
-12:30-13:30. Herriko break dance dantzarien eta rap kantarien emanaldia, Torre Luzean.
-13:00-14:00. Kalejira gunez gune.
-14:00. Bazkaria Musika Plazan.
-16:00. Herriko bertsolarien emanaldia, Musika Plazan.
-17:00. Kalejira trikitilariekin.
-17:30. Sendabelar eta sukaldaritza tailerrak, udaletxeko plazan. Frontoi Txikin goizean egindako lanen erakusketa jarriko dute.
-20:00. Herriko bakarlari eta musikarien emanaldia, Frontoi Txikin.
