[Berria.info] Datorren ostegunean, maiatzaren 10ean, estreinatuko da Euskal Herriko hiriburuetan Jon Maia bertsolariak zuzendu eta Nazioen Munduak ekoiztutako Gazta zati bat dokumentala. Trailerra jaso du BERRIA.INFOk, eta ikusgai dago webgunean.
Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatu zen lehendabizikoz dokumentala eta harrera beroa eduki zuen filmak, bi paseetako sarrerak agortu ziren eta publikoak 9, 19ko puntuazioa eman zion.
Datorren astetik aurrera, Euskal Herriko zinema eta antzokietara egingo du salto. Lehendabizi, Euskal Herriko hiriburuetan estreinatuko da eta ondoren herriz herri abiatuko da, Nazioen Munduaren ideia zabaltzeko asmoz.
Dokumentalean, besteak beste, Angel Oiarbide Nazioen Mundua elkarteko kidea mintzatzen da autodeterminazio eskubideaz: "Ez gara politikaz ari, eskubide batetaz baizik". Rufi Etxeberria, Juan Jose Ibarretxe eta Brian Currin ere agertzen dira bideoan. Adierazpenez gain, autodeterminazio eskubidearen alde Gipuzkoako Goierri eskualdean egin diren zenbait ekimenetako irudiak ere ikus daitezke.
Emanaldiak Euskal Herriko hiriburuetan
- Donostia: Maiatzaren 10etik 13ra, 20:00etan. Trueba.
- Iruñea: Maiatzaren 10ean, 20:00tan. Golem Baiona.
- Bilbo: Maiatzaren 10ean, 20:00tan. Multicines.
- Gasteiz: Maiatzaren 10ean, 22:30tan. Florida. Pase horretako sarrerak jadanik agortuta daude.