Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna ospatuko dute hirurehun haurrek, etzi

Ane Olaizola 2012ko maiatzaren 4a

Gipuzkoako Bertso Eskolen VIII. Egunak Zumaian izango du hitzordua aurten, eta herrialde osoko 300 haur eta gaztetxo elkartuko dira igandean, «harremanak sendotzeko» eta elkar ezagutzeko asmoz. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak egun osoko egitaraua antolatu du etzirako. 10:30ean Zumaiako plazan elkartuko dira bertsolari guztiak; 10:45ean, berriz, kaleetan zehar lip dub bat grabatuko dute. Eguraldi txarra eginez gero, ordea, bideo motz bat egingo dutela aurreratu dute antolatzaileek. Eguerdian, bazkaltzeko tartetxo bat hartu ondoren, 14:30ean jolas bereziak egingo dituzte. Arratsaldean jarraituko dute ekintzek. 16:00etan bertso trama berezia egingo dute Zumaiako Maria eta Jose ikastetxean. Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Aitor Sarriegi bertsolariak arituko dira kantuan, eta Josu Goikoetxea izango da gai-jartzailea. Bertso trama amaitzean, gainera, goizean grabatutako bideoa ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek, eta 18:00ak inguruan amaituko dute Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna. Antolatzaileek adierazi dute ekintza guztiak irekiak direla, herritarrek parte har dezaten. Zumaia, aitzindari Atzo aurkeztu zuten Bertso Eskolen Eguna Joanito Dorronsoro bertsolaritzan adituak eta Zumaiako Bertso Eskolako ordezkariak, Edurne Soraluze Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko Transmisio eragileak, eta Iñaki Agirrezabalaga herriko alkateak. Azken honek adierazi zuen halako egun bat Zumaian ospatzea «ohorea» dela. Zumaiako Bertso Eskolak «lana asko» egin duela esan zuen, eta Dorronsororen lana goraipatu. Zumaia ikastetxeetako bertso eskoletan «aitzindaria» izan dela adierazi dute Agirrezabalagak eta Dorronsorok. «Zumaian ikastolak ordaindutako irakasle batek haur guztiei bertsoak erakutsi dizkie; Zumaia da hori hasiera-hasieratik egin duen herri bakarra», adierazi du Dorronsorok. Bertsolaritzan, duela 30 urte inguru, ahozko transmisio naturala amaitzear zenean, Zumaiak bertso eskolak sortzeko «sena» izan zuela gogoratu du honek. Hori hala izanik, etziko eguna antolatzeko «ilusioa eta gogoa» berretsi du Zumaiako Bertso Eskolako ordezkariak. Alkateak, berriz, bertsolaritza sustatzeko «apustua egitea» beharrezkotzat jo du. Eta udalak aurrerantzean ere horretan lanean jarraituko duela berretsi du Agirrezabalagak, egoera ekonomikoa «zaila» den arren. Sarea ehuntzen Hezkuntza arautuan Gipuzkoan 9.329 lagunek jasotzen dituzte bertso eskolak; iaz baino seiehun gehiagok, hain zuzen. Soraluzek jakinarazi duenez, 49 herritan  dauden 124 ikastetxek dute zerbitzu hori. Halaber, Gipuzkoako bertso eskola sarean 715 lagunek hartzen dute parte. Honen arabera, haurren bertso eskolek %68,67 hartzen dute, eta helduenek %31,33. Bertsolaritzaren trasmisioa bermatzeko plan estrategikoa ari da lantzen Gipuzkoako Bertsozale Elkartea. Plan honek hiru erpin dituela nabarmendu du elkarteko ordezkariak: hezkuntza arautua, bertso eskolak eta jarduera osagarria. Bertso eskolei dagokienez, elkartearen asmoa da herri bakoitzak bertso eskola bat izatea, «mugimendu bakoitzaren autonomia errespetatuz eta haiek dituzten beharren zerbitzutara». Izan ere, Gipuzkaoko Bertsozaleen Elkartearen «oinarrizko helburua» bertso eskolen sarea «ehuntzea» dela nabarmendu du Soraluzek. Hala, etzi ospatuko duten Bertso Eskolen Eguna plan estrategikoaren «erpina» dela adierazi dute antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide