
Ezkerretik eskuinera, BH enpresako Ivan Sarralde, Jon Unanue eta Ainhoa Murua triatleta zarauztarrak eta Zarauzko Triatloi Elkarteko lehendakari Inaxio Alguacil, BH Zarauzko Triatloiaren aurkezpenean, Donostian (Argazkilaria: Amaia Ventas)
Aurten, «betiko ibilbide zaharra» berreskuratuko dute ekainaren 9an BH Zarauzko Triatloirako. Bizikletaz egin beharreko zatian, Aiako «murrua» deituriko aldapa pikoa ( uneka %18 malda du) gainditu beharko dute triatletek. Aski ezaguna da bide tarte hori. Iaz, probaren 25. urteurrena zela eta, bizikleta probarako errepidea itxi egin zuten zirkulazioarentzat. Lehen hiru itzuliak Zarautz eta Meaga artean egin zituzten; laugarrenean Getariara iristean Garate bidea hartu, eta Meagatik iritsi ziren Zarautzera, Aia eta Oriora jo gabe.
«Aurten beste erronka bat proposatu nahi izan diegu parte-hartzaileei, eta izugarrizko ikusmina sortuko du; ziur gaude», nabarmendu du Zarauzko Triatloi Taldeko lehendakari Inaxio Alguacilek. Aiara iristeko, Meaga gainetik Zumaia bitarteko ibilbidea egingo dute aurrez triatletek, kostaldetik Zarautzera itzultzeko. Zati horri bi itzuli eman ostean helduko dira Aiako malda gogorrera. Hortik Oriora joko dute, eta azken kilometrotan beste erronka bati egin beharko diote aurre: Sudugaraiko gainaldeari edo Orio gaineko maldari. Guztira, 81 kilometro egingo dituzte atletek bizikletan.
Igerian, berriz, 2,9 kilometro egingo dituzte, ohiko ibilbidea jarraituz, Getariako Malkorbetik atera, eta Zarauzko hondartzaraino. Korrika egin beharreko zatia ere ohikoa izango da: 20 kilometroko ibilbidea, herri barruan.
Aurtengo probak izango du beste berrikuntzaren bat. Izan ere, Su Ta Gar taldearen musika aukeratu dute distantzia erdiko proba girotzeko. Eibartarren azken diskoko Norbera bere ametsen jabe kantuaren izenburua aukeratu dute lelo gisa, eta abesti hori izango da, hain zuzen, Zarauzko 26. Triatloia promozionatzeko erabiliko dutena. «Pareko ibilbidea egin dute Zarauzko Triatloiak eta Su Ta Gar taldeak, hogeita bost urteko lan eskergarekin, eta elkarlana naturala suertatu da», azaldu du Zarauzko Triatloi Taldeko lehendakariak.
Goi mailako 650 partaide
650 triatletak hartuko dute parte aurtengo proban; tartean, mundu mailako proba garrantzitsuenetan lehiatzen diren eliteko triatletak. Horietatik 50 izango dira emakumezkoak. Besteak beste,, azken bi urteetan txapela jantzi duen Cat Morrison lehiatuko da. «Lesionatuta dagoen arren, eskoziarrak garaipena zaila jarriko die lehiakideei», nabarmendu du Algualcilek. Haren lehiakideen artean izango dira Lucie Zelemkova txekiarra, Kanariar irletako Eva Ledesma eta Ana Burgos madrildarra.
Gizonezkoen kasuan, Eneko Llanos Salamancako Clemente Alonsori titulua kentzen ahaleginduko da. Iaz korrikako saioan hartu zion aurrea Alonsok Llanosi, eta arantza hori kentzen saiatuko da gasteiztarra. Iaz hirugarren egin zuen Mathias Hecht alemaniarra ere lehiatuko da aurten ere distantzia erdiko proban.
Euskal Herriko triatleta «erreferenteek» ere ez dute proban parte hartzeko aukera galdu nahi izan. Hala, bertan izango dira Jon Unanue zarauztarra, Hektor Llanos gasteiztarra eta eta Peru Alfaro hernaniarra, esaterako.
Egitarau betea
BH Zarauzko Triatloia ekainaren 9an izango bada ere, asteburuan hainbat ekitaldi izango da
Zarautzen, bisitarien zein herritarren gozagarri. Ostiralean, ekainaren 8an, zabalduko dute Expo gunea. Bertan triatloiko materialaren azken berrikuntzak aurkituko dituzte gerturatzen direnek.
Larunbat goizean, berriz, haurrentzako tailerrak izango dira. 14:00etan ekingo diote trialoiari, Malkorbetik abiatuta. Emakumezkoak izango dira lehenak irtetzen. Ordu laurden geroago hasiko dira gizonezkoak.
Igandean Aspanogi minbizia duten haurren Gipuzkoako guraso elkarteak antolatuta, umeentzat triatloi txikia izango da.