Hilabete gutxi pasa da Ane Arrutik (Zarautz, 1985) gitarra hartu eta zuzenean abesteari ekin zionetik. Iazko urrian egin zuen debuta Juli Juli tabernan, eta, ondoren, Arranon jo zuen Gabonetan. Estreinako bi kontzertuak bere izenez iragarri bazituzten ere, Arrutiko Intxaurrak ezizen artistikoa hartu du orain: «Txapak eta elastikoak ateratzeko izen bat behar zela esaten zidaten lagunek. Horrela, ideiak botatzen hasi ginen, eta grazia handiena honek egin zidan». Gaur gauean, 22:00etan hasita, ibilbideko bosgarren emanaldia eskainiko du Putzuzulo gaztetxean; jaialdian Aitor Martinez eta Isuo Sasiia bakarlariek ere hartuko dute parte.
Zarauzko kantautore gazteen topaketa egingo duzue gauean. Nola sortu da ideia?
Aitor Martinez bakarlariaren lehen kontzertua da, eta horren harira antolatu dute kontzertua. Jaialdia osatze aldera, Isuo Sasiia eta biok ere joko dugu. Egia esan, ez dut Aitor Martinez ezagutzen; Isuo, ordea, bai. Azken honekin indarrak batu ditut, eta kontzertuak lortzeko orduan biok eskaintzen gara. Kantautore bakar baten emanaldia motz geratu ohi da, eta elkarrekin joanda saio osoagoa eskaintzen dugu.
Alde horretatik, elkarrekin zerbait berezia egingo duzue, ala bakoitzak bere saioa egingo du?
Printzipioz, bakoitzak berea joko du, eta kitto. Gero, beharbada, animatu egingo gara eta elkarrekin zerbait joko dugu. Baina, hasiera batean, ez gara elkartu ezer berezia prestatzeko.
Sarrera 3 eurotan jarri duzue, eta ateratzen duzuena «Poliziaren errepresio ekonomikoari aurre egiteko» izango dela diozue kartelean.
Hala izango da. Azkenaldian, edozer gauzagatik isuna jartzen diete gaztetxeko kideei. Joan den astean, adibidez, furgoneta geratu eta miatu egin zieten. Ezertxo ere topatu ez zutenez, butano bonbona bat zeramatelako jarri zieten isuna. Ez da salbuespena, askotan gertatzen baita. Beraz, isunak ordaintzen laguntzeko ekarpen txiki hori egitea erabaki dugu.
Zarautzen betidanik egon da musika talde ugari; bakarlariak, berriz, ez horrenbeste. Susperraldia bizitzen ari al zarete?
Zaletasuna badago, eta egiten duzuna jendaurrean aurkezteko aukera baduzu, errazago animatzen zara. Niri, esaterako, tranpatxo bat egin zidaten nire lehen kontzertu jotzeko; bestela, ez nintzen sekula animatuko. Bere kontura jotzen duen artista ugari dago herrian, eta gaztetxea eta Arrano bezalako tokiek plazara ateratzeko aukera ematen dizute. Bestalde, bihar Ariola Eguna ospatuko dugu, eta horrek ere badu helburu herriko artistak harremantzeko eta bakoitzaren lana ezagutzera ematea. Jendea gauzak egiteko gogoz dago, eta hori erakusteko aukera hazten ari da.
Tranpatxo bat egin zizutela diozu. Bestela, ez al zeneukan plazara irteteko asmorik?
Lagunartean jo izan dut beti, koadrilako bazkarietan eta halakoetan, eta ez nuen horretan pentsatzen. Ezetz esaten ez dakidanez, baiezkoa eman nuen kontzertua emateko aukera proposatu zidatenean. Ondoren, kontzertu batek bestea ekarri du, eta horrela ekin diot bideari.
Egiten duzun hori gustatzen den seinale ere izango da, ezta?
Egia esan, publikoaren erdia nire koadrilakoek osatzen dute. Asko gara, onerako eta txarrerako. Orain arte jendea gustura geratu da nire emanaldietan. Halakorik ikusi izan ez banu, nik neuk ere planteatuko nuke jarraitzearena. Oraingoz, inpresio onarekin geratu naiz, zuzenean entzun nautenek gustatu zaiela esan baitidate. Irauten duen bitartean, aurrera.
Nolakoa da zure kontzertu bat?
Zortzi abesti propio ditut, eta horiez gain, bertsio batzuk jotzen ditut. Bertsioak aldatzen joaten naiz, ni neu ere ez aspertzeko. Saioetan urduri jartzen naizenez, asko hitz egiten dut. Hala ere, ez dut txapa askorik ematen, baina gustuko dut publikoarekin hartu-emanean eta erdi-txantxetan aritzea. Azken finean, lagunarteko giroa sortzen saiatzen naiz.
Abesti intimistak eta umoretsuak dira zureak. Nola uztartzen dituzu?
Nire hasierako kantak, eta jendeak gogoan dituenak, umoretsuak dira. Ez naiz ikusten oso serio abesten ere, ni ez bainaiz horrelakoa. Zentzu bikoitza eta umorea duten kantekin sentitzen naiz eroso. Dena dela, lasaiagoak direnak ere baditut. Bi abestiren hitzak Kati Olaizolarenak dira, eta horiek serioagoak eta metaforikoagoak dira. Nireak, ordea, parranda girokoak dira.
Abestietako bat Lonja Zaharra da, youtube atarian entzungai dagoena.
Lonja Zaharra Zarauzko zona-ko kaletxo bat da, eta Ximut eta Kukaña tabernen atzealdean dago. Gauez ateratzen garenean, ligatze kontuekin txantxetan aritzen gara. Beraz, gaueko kontu horiek arrantzako terminoekin esanez sortu nuen abestia. Jende artean arrakasta du, grazia egiten baitie.
Maketatxo bat grabatzen ere ari zara. Zer moduz doa prozesua?
Jexuxmai Lopetegi musikaria nire osaba da, eta haren estudioan ari naiz grabatzen. Kontzertuak lortzerako orduan erreferentzia bat aurkezteko ari naiz abestiak grabatzen. Bilbon bizi naizenez, patxadaz ari gara prozesuarekin; lehen saio batean bi abesti grabatu nituen, eta herenegun beste bi. Maketa ateratzea buruan dut, baina inolako presarik jarri gabe.