Nafarroako historia izango dute hizpide maiatzean

Ane Olaizola 2012ko maiatzaren 4a

Nabarralde taldeak Nafarroaren historiaren inguruko hitzaldia zikloa eskainiko du maiatzeko lau asteetan. Nafarroa bizirik Orion taldeak antolatu du ekimena, 1512-2012 Nafarroa bizirik ekimenaren baitan. Izan ere, Nafarroako Erresumaren konkista hasi zuteneko 500. urteurrena da aurten, eta Nabarralde taldea herriz herri ari da konkistaren eta haren ondorioak plazaratzen. Historiaren inguruko lau adituk eskainiko dituzte hitzaldiak, eta astelehenean, hilaren 7an, izango da lehenengo saioa; Beñi Agirrek Nafarroa, euskal estatuaren historia hitzaldia eskainiko du; hilaren 10ean, berriz, Idoia Arrietaren Gipuzkoaren konkista saioa izango da; hilak17an, Joseba Asironek Gazteluen suntsiketa saioa emango du; Angel Rekalderen Independentziaren galera izango da azken hitzaldia, hilaren 24ean. Hitzaldi guztiak 19:30ean izango dira, kultur etxean. Orioko Udalak ekimena babestu du, eta konkistaren bosgarren mendeurrena gogoratzeko egingo dituzten saioak lagunduko ditu. Bertako nortasuna «euskalduna» dela defendatu du udalak: «Gure presentzia mundu zabalean nafar Estatuaren bitartez bakarrik gauzatu da». Halaber, datorren uztailaren 25ean, Albako dukearen tropak Iruñean sartu ziren egunean, Orioko Udalak zinta beltza edo bandera haga erdian jarriko du udaletxeko balkoian, dolu seinale moduan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide