Uretako western batean bezala

Aritz Mutiozabal 2012ko maiatzaren 3a

Asteburuan Aitzealdenk! jaialdian izan baziren ere, Mondocane taldeak larunbat honetan egingo dute UrAzala bigarren diskoaren zuzeneko aurkezpen ofiziala. «Polita izan zen Sanagustinen jotzea, lan berria eskua artean, baina hasierako ideia Azkoitiko Matadeixen lagunartean aurkeztea zen, eta halaxe egingo dugu», adierazi du Asier Gurrutxaga ba­xu-jotzaileak. Bakarrik ariko dira, 22:30ean hasita, eta ordu eta erdiko emanaldi «berezia» izango dela ziurtatu dute. Horretarako, laukoteak hainbat gonbidatu izango du lagun; hau da, Andres Insua baxu-jotzailea eta disko berrian kolaboratu duten Olatz Prat abeslaria, eta Amsia disko jartzailea. Lan berria zabaltze aldera, gainera, kontzertuko sarrerarekin diskoa oparituko dute. UrAzala-rena «prozesu luzea» izan da. Grabatzen hasi zirenetik argia ikusi duen arte urtebete igaro da: «Iazko Aste Santuan hasi ginen, eta, orain, Aste Santua pasata kaleratu dugu». Azpeitiko Lo­bo estudioan grabatu zuten, hiru astetan, eta hasiera batean bertan nahasteko asmoa bazuten ere, azkenean Donostiako Doctor Master etxean eman zizkioten azken ukituak, Estanis Elorzaren eskutik. Grabaketako azken prozesuak ez ezik, diskoko diseinuaren eta kopien ekoizpenak ere  asko luzatu du azken emaitza. «Nekeza izan da, bai», aitortu du Gurrutxagak. «Hamabi abesti jaso ditugu, eta, guztira, ia ordubete irauten du. Abesti batzuk zortzi minutu ingurukoak direnez, horiek grabatzea eta ongi jartzea ez da batere erraza izan. Beraz, hurrengorako abesti laburragoak egin, eta grabaketa-prozesu guztia hiruzpalau hilabetean egitea izango da erronka». Dena dela, lan zailena bukatuta dute, eta, orain, argi dute zuzenekoetan gozatzeko txanda dela. Autoekoizpenaren bidetik argitaratu dute bigarren lana, eta 5 eurotan ari dira saltzen, kontzertuetan. Aldi berean, taldearen mondocanetaldea.bandcamp.com webgunean diskoa jaisteko aukera jarri dute; lehen 200 deskargak doakoak izango dira. Distortsio gehiago Mondocanek rocka du zainetan. Lehen diskoarekin alderatuta, bigarrenak «distortsio gehiago eta gitarra doinu apurtuagoak» ditu. Izan ere, «taldekide guztioi sonoritate grabea gustatzen zaigu». Al­de horretatik, stoner kutsua badutela dio baxu-jotzaileak, nahiz eta etiketa kontuetatik ihes egiten duten. «Iturri as­ko­tatik edaten dugu, eta, zorionez ala zoritxarrez, lauron artean sortzen ditugu abestiak. Beraz, denetariko eraginak an­tzeman daitezke». Hiru urtean konposatutako diskoa izan denez, bolada bakotzaren araberako abestiak jaso dituzte diskoan. Bilakaera hori agerikoa da: batzuek, 90eko hamarkadako kutsua dute; besteek, stoner izaera; eta, azkenengoek, berriz, esperimentaziorako edo progesiorako joera. «Egia esan, diskoa anitza da». Abesti berriak ilun samarrak diruditen arren, zuzenekoetan «indartsuak» dira. Oro har, taldeak «oso soinu trinko» igortzen du taula gainean. Iñaki Odriozola abeslariaren eta Asier Gurrutxaga baxu-jotzailearenartean idatzi dituzte abestien hitzak. Horiek «barrura begira» egindakoak dira, nolabait esateko. «Gure istoriotxoak, barruko pentsamenduak, gauzak eta kezka ditugu kontagai». Diskoari izena ematen dio UrAzala abestiarekin itxi dute bigarren lan hau. «Beharbada, ez da gure ohiko abesti bat; hau da, normaletik aparte geratzen den zerbait da. Nahiko kanta esperimentala da, eta taldeko giroa eta egoera islatzen du. Diskoa biribiltzeko egokia iruditu zaigu». Izenburu berrian ere uraren eragina presente dago; izan ere, lehen diskoari Ibai bideak jarri zioten. Kasu honetan, «UrAzala uretako western moduan definituko nuke».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide