
Aulki guztiak bete ziren pilota ikustera gerturatu ziren herritarrekin (Argazkilaria: Xabier Otamendi)
Atzo arratsaldean hasi ziren Zestoako Santa Kutz festak. Haurrentzako puzgarriak eta Gaztetxoen Pilota Txapelketako finalak izan ziren jaietako lehen ekitaldiak. Neska mutilak pelotan nola egiten zuten ikustera hainbat jende gerturatu zen. Izan ere, frontoi inguruan jarrita zeuden aulki guztiak bete ziren. Segidan, festei hasiera ofiziala eman zioten suziriarekin. Bart gauean, berriz, helduen danborrada izan zen. Zazpi taldek hartu zuten parte: Ipintza, Atabalak, Aldrebesak, Gure Txokoa, Gaztetxea, Trapu Zaharrak eta Lau Iturri.
Gaur goizean Idiakaitz Txistulari taldearen doinuak izan dira festen iragarle. Eguerdian, pilota eskolako pilotarien arteko finalak jokatu dituzte. Eliztarrek, meza aurretik, Gurutzera prozesioa egin dute parrokiatik. Gaur arratsaldean, berriz, haurren danborradaren txanda izango da. Ekain guraso elkarteak antolatutako ekimen honetan herriko haurrek hartuko dute parte.
Zestoako Ibañarrieta auzoan ere Santa Kutz festak ospatuko dituzte gaur eta igandean. Gaur, 12:00etan, meza nagusia izango dute Ibañarrietako Santo Kristo baselizan.