Gotzon Enbil zumaiarrak jaso du atzelari onenaren titulua Danian, AEBetan

Urola Kostako Hitza 2012ko maiatzaren 3a

[Sasoian.info] Neguko denboraldiko Zesta Puntako Binakako Txapelketako atzelari onenaren titulua irabazi berri du Gotzon Enbil zumaiarrak. AEB Ameriketako Estatu Batuetako Dania hiriko (Florida) pilotalekuan daraman hamarkadan hirugarren aldia da garaipen hau lortzen duena. Azaroan denboraldia hasi zenetik, hogeita hemezortzi kiniela irabazi ditu puntista zumaiarrak, eta hori nahikoa izan da saria jasotzeko. Bigarren lekuan Jose Ulises mexikarra geratu da, hogeita hamar garaipenekin, eta hirugarren lekuan berdinduta, berriz,  Ortzi Goiri Olabarria Txasio zarauztarra eta Domeka Azpiri ondarrutarra. Bakoitza 19 kiniela irabazi dituzte. Enbilen nagusitasuna, beraz, argia izan da Daniako atzeko koadroetan. Amaiera zirraragarria Denboraldi bukaera zirraragarria izan da Daniakoa. Izan ere, azken unera arte ez da erabaki Most Wins titulua; hau da, denboraldi guztian kiniela kopuru gehien irabazten dituen pilotariak jasotzen duen sari entzutetsua. Azaroaz geroztik, pilotari bakoitzak 900 kiniela inguru jokatu arren, denboraldiko azken funtzioko azken kinielan erabaki da titulua. Enbil eta Diego Beaskoetxea gernikarra nor baino nor ibili dira azken asteotan.Baina azkenean zorteak gernikarako bidea hartu du, 181 kiniela irabazi ondoren. Enbil zumaiarra bigarren lekuan geratu da,  beraz, 180 kiniela irabazita. Hirugarren lekua, Israel Asiain nafarrarentzat izan da. Hala ere, eta Most Wins-a irabaztetik oso gertu geratu arren, ukaezina da Gotzon Enbilek osatu duen denboraldi ikaragarria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide