«Ingurumena eta osasunerako eskubidea ez dira aukerazkoak»

Ane Olaizola 2012ko maiatzaren 3a

Gipuzkoa Zero Zabor taldeko kide Ainhoa Arrozpidek (Usurbil, Gipuzkoa, 1973) Zero Zabor filosofiaren eta atez ateko sistemaren inguruko hitzaldia eskainiko du gaur, 19:30ean, Orioko kultur etxean. Orio Zero Zabor taldea sortu berri dute, eta hark antolatu du ekimena,. Zarauzko Urtetako zabortegira joango dira, hondakinen prozesua bertatik bertara ezagutzera; 09:30ean abiatuko dira, herriko plazatik. Zer azalduko duzue gaurko saioan? Egun dagoen eztabaida hondakinen bilketaren ingurukoa da. Gure ustez, ordea, arazoa sisteman bertan dago. Eredu lineal batekin bizi gara. Behin eta berriro natura ustiatzen dugu, produktuak sortzeko; produktuak kontsumitzen ditugu, eta gero hondakinak bota. Materialak lerro-zuzen batean bidaiatzen dute etengabe, eta gizarte honek prozesua gero eta azkarrago egitera garamatza. Ondorioz, bi muturretan ari dira sortzen arazoak. Batetik, baliabide naturalak mugagabeak direla uste dugu, baina bestetik, hondakinak ari gara pilatzen naturan. Gipuzkoan hiru zabortegi ditugu, eta egungo erritmoa kontuan hartuta, urte gutxitan zabortegiek gainezka egingo dutela aurreikusten da. Iaz, esaterako, 350.000 tona hondakin sortu ziren Gipuzkoan. Beraz, arazoa hor dago. Asko sortzen dugu, eta sortzen dugun hondakinen %75 modu nahasian bidaltzen ditugu zabortegietara. Arazoak sortzen dira bertan: metanoa, kaioak, arratoiak. Zabortegietako arazoaren irtenbidea errauste planta eraikitzea dela uste dute batzuk, baina guk uste dugu arazoa areagotu egiten duela, horrekin ere zabortegiak beharrezkoak izango direlako. Zero Zabor filosofiarekin, berriz, eredu lineala zirkularra izatera pasatzen da. Natura ustiatu ondoren, produktuari ahalik eta bizi luzeena ematea da gure asmoa, berrerabiliz eta birziklatuz. Hori nola eraman daiteke aurrera? Lehenengo pausoa hondakinak murriztea da. Behar ez ditugun produktuak ez kontsumitzea eta berrerabiltzea dira ardatzak, eta horretarako erraztasunak jarri behar dira. Legedian ere eragiten du; hau da, produktua ezin baldin bada birziklatu, bi aukera daude: berriro diseinatzea edo merkatura ateratzea debekatzea. Arazo horiek konpontzeko prest al dago gizartea? Gure ustez Gipuzkoako gizarteak arazo honi muzin egin dio orain arte. Askok diote atez atekoa deserosoa dela. Baina horiek prest al daude besteen erosotasunaren ondorioz etxe alboan zabortegia edo errauste planta bat izateko? Azpeitian, Zarautzen eta Beasainen, zabortegiaren alboan bizi direnei galdetu beharko genieke honen inguruan. Horiek sufritzen dute gure axolagabekeria. Baina horrelako hitzaldietara joaten direnei begiak irekitzen zaizkie. Atez atekoa martxan jarri den herrietako emaitzak kontuan hartu behar dira. Herritarrek eskura dituzte hondakinak ondo biltzeko bitartekoak, eta ondo egin nahi ez duenak ez du kutsatzeko eskubiderik; halabeharrez hasi behar du hondakinak bereizten. Nahi duenak eta nahi ez duenak sisteman parte hartzen dute, eta horren ondorio dira emaitza onak. Zoritxarrez, kontzientziazioarekin ez da nahikoa. Baina gauza bera gertatu da tabakoarekin, ibilgailuen abiadurarekin eta bestelako hainbat konturekin. Sarri, isunak eta derrigortasunak bitarteko direnean hasten gara gauzak ondo egiten. Gure ustez, ingurumenaren zaintza eta osasunerako eskubidea ez da aukerazkoa. Erakundeek derrigorrezkoa dute hori ziurtatzea. Hala, arazoaren inguruan azalpenak ongi emanez gero, herritarrek sistema honetan parte hartu nahiko dutela uste dugu. Atez atekoaren funtzionamendua ere azalduko duzue. Garbitasunaren eta intimitatearen inguruko kezkak dira nagusi. Atez atekoa garbiagoa da. Bilketa puntu guztiak sakabanatuta daude, eta etxe bakoitzean dagokion hondakina soilik jartzen da. Pilatzeak, berriz, gauzak errazago uztea eragiten du. Atez atekoan ez da hori gertatzen. Garbiagoa da, hondakinak denbora gutxiagoan egoten direlako zintzilikarioetan. Intimitatearen inguruan, berriz, gezur handi bat dago zabalduta: atez atekoak identifikatu egiten du. Familia bakoitzak kode bat du. Kode horren atzean zein familia dagoen bilketa enpresako bulegoek soilik dakite. Herritarrek ez dakite nori dagokion hondakina. Anonimotasuna bermatuta dago, eta biltzaileak ez daki norena den jasotzen ari den kuboa. Kode horrek isunak jartzeko balio duela zabaldu da, baina isunetera iritsi aurretik beste fase batzuk daude. Herritarrak hondakinak gaizki bildu baldin baditu, laguntza eskaniko diote. Baina behin baino gehiagotan gaizki bildu baldin baditu, eta hala egiten jarraitzen badu, isuna jarriko diote. Ondo egin nahi duena eta gaizki egin nahi duena identifikatzeko balio du kodeak. Horrez gain, sorkuntzaren araberako ordainketara jo nahi dugu. Argia eta ura kontsumoaren arabera ordaintzen dugu. Hondakinetan ez dugu hala egiten; ondo egiten duenak eta egiten ez duenak kopuru bera ordaintzen du. Gure ustez, kutsatzen duenak ordaintzea izan behar da helburua. Hori jakiteko kontagailua beharrezkoa da, eta funtzio hori betetzen du kodeak. Eskualdeko udal batzuen agendan badago atez atekoa jartzeko asmoa. Sistema honek aldaerak izan al ditzake udalerri bakoitzean? Atez atekoak egun bakoitzean dagokion hondakin mota ateratzen du herritarrak. Egun Euskal Herrian zintzilikarioetan ateratzen dituzte, baina beste herri batzuetan bebarru bakoitzak bere edukiontzia du. Beste zenbait kasutan, txabolekin funtzionatzen dute. Herri bakoitzak bere egoerara egokitu behar du. Hernanik, Getariak edo Zumaiak bezala, alde zaharra du, eta hondakinak hiru puntutan kontzentratu dituzte. Herri guztiek ez dute sistema bera izan behar. Aizarnazabalen, herri txikia izanik, konpostarekin hondakin organikoa kendu dezakete, eta bi txabolekin nahiko izango litzateke. Moldagarria da atez atekoa. Baldintza bakarra hondakin atalak ez nahastea da, birziklatze maila %80koa izan dadin. Urola Kostan, kostaldeko herrietan udara begira turistentzako kanpaina bat egitea egokia izango litzateke. Herriek ezaugarri bereziak dituzte, eta horiek aztertu behar dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide