Hemen dira santakutzak. Gaur arratsaldetik bihar arratsaldera, herriko jaietan murgilduko dira zestoarrak. Erdigunean ez ezik, Ibañarrieta auzoan ere ospatzen dituzte festak, eta haiek biharko eta iganderako prestatuko dira. Batean zein bestean, iazko egitarauaren tankerakoa izango da aurtengoa, zestoarren gozagarri.
Iaz bezala, helduen danborrada izango da festetako ekitaldi nagusia erdigunean. 22:30etik aurrera, zazpi taldetako danborjoleak izango dira protagonista. Iazko berberak, hain zuzen ere: Ipintza, Atabalak, Aldrebesak, Gure Txokoa, Gaztetxea, Trapu Zaharrak eta Lau Iturri. Santakutzak beste danborrada batekin amaituko dira, gainera: bihar arratsaldean herriko haurrek eskainiko dutenarekin.
Udaletik jakinarazi dutenez, festek eragina izango dute autobus zerbitzuan. Hala, Zumaia eta Donostia alderako autobusak Ertxiñondo okindegiaren aurrean geldituko dira gaur eta bihar. Kontrako noranzkoko zerbitzuari ez dio eragingo.
Zestoako erdigunean Ibañarrietan baino lehenago hasi eta amaituko dituzte santakutzak. Hala ere, bihar bietan ospatuko dute eguna. Ibañarrietan xumeki, Santo Kristo ermitako meza izango baita ekitaldi bakarra. Iganderako gordeko dituzte indarrak auzoan. Iazko egitarauaren antzerakoa osatu dute aurten ere: mezak, trikitilariak, bertsolariak eta herri kirol ikuskizuna izango dituzte. Herri kirolei dagokienez, Mutrikuko talde bat etorriko da Iparraldeko jokoak eskaintzera.
ZESTOAKO SANTAKUTZETAKO EGITARAUA
Maiatzak 2, gaur
16:00. Umeentzako puzgarriekin hasiko dituzte santakutzak.
17:30. Gaztetxoen Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte.
19:00. Jaien hasiera suziriekin. Jarraian, Idiakaitz Txistulari Taldeak eta Musika Bandak kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar.
22:30. Danborrada Nagusia, herriko kaleetan zehar. Gauerdian, ikurriña eta herriko bandera altxatuko dituzte. Jarraian, danborjole taldeek martxa guztiak joko dituzte.
01:00. Lagunak txarangak alaituko du herrian gau partean.
Maiatzak 3, bihar
10:30. Idiakaitz Txistulari Taldearen dianak esnatuko ditu zestoarrak.
11:45. Pilota eskola txapelketako finalak jokatuko dituzte alebin, infantil eta kadete mailako mutilek.
11:45. Prozesioa egingo dute Gurutzera Lignum Crucis-arekin.
12:00. Meza nagusia parrokiko abesbatzak abestuta.
18:00. Umeen danborrada.
IBAÑARRIETAN SANTAKUTZAK
Maiatzak 3, bihar
12:00. Meza nagusia Santo Kristo ermitan.
Maiatzak 6, igandea
Egun osoan, zehar Maite eta Felix Astorkia trikitilariak.
12:00. Meza ermitan.
13:00. Pote jokoa eta bertso emanaldia Narbaiza eta Zeberio bertsolariekin.
18:00. Herri kirolak. Iparraldeko jokoak, Mutrikurekin.