Maiatzaren 26an Euskal Jai Eguna ospatuko dute Getarian, eta ohi bezala, Trikitilari Gazteen Getariako XIII. Txapelketa egingo dute arratsaldean, herriko plazan; Getariako Udalak dagoeneko zabaldu du txapelketan parte hartzeko izen emate epea; maiatzaren 16ra bitartean inskribatu daiteke, udal bulegoetan.
Hamazortzi urtetik beherakoek eta adin horretakoek izango dute parte hartzeko aukera. Deialdia irekia denez, bikote asko apuntatuko balira txapelketaren aurretik kanporaketa bat egingo dutela jakinarazi dute antolatzaileek; izan ere, txapelketan sei bikote sailkatuko dira.
Bikoteek hiru pieza taularatuko dituzte txapelketan; lehenengo trikitia joko dute, eta ondoren pot-pourria eskainiko dute; honek, gainera, gehienez zazpi minutuko iraupena izango du. Hirugarrengo pieza aukeran izango dute parte hartzaileek; arin-arina, fandangoa eta porrusalda izango dute aukeran. Halaber, gazteek nahitaezkoa izango dute txapelketan baserritarrez jantzita parte hartzea.
Epaimahaiaren irizpideak
Epaimahaiak, bestetik, hainbat irizpide hartuko du kontutan; besteak beste, piezen zailtasuna eta kantua baloratuko du; horrez gain, piezek duten dantzagarritasuna hartuko dute haintzat; taula gainean bi kideen koordinazioa ere puntuagarria izango da. Bestetik, pandero jotzeailearen lana baloratuko du epai-mahaiak.
Sariei dagokienez, lehenengo bikoetak txapela eta 250 euroko ordainsaria jasoko ditu; bigarren postuan geratzen den bikoteak, berriz, 150 euro eskuratuko ditu, eta hirugarrena 100 euro; ondorengo bikoteek ere izango dute saririk; hirurogei eurona emango dizkiete. Getariako bikote onenak ere aparteko saria izango du.