«Hondakinak bereiztea ez da aukera bat, obligazioa baizik», dio Zarauzko Bilduk. 2011 amaierako datuekin alderatuta, egun bilketa selektiboaren tasa igo egin dela jakinarazi dute. Hala ere, «gutxi gorabehera beste herri batzuen mailaren erdia» dela nabarmendu du Alizia Osa ingurumen zinegotziak. Datuen arabera, 2011 amaieran bereizita jasotzen ziren hondakinen tasa %36,27koa zen. Maila hori igotze aldera, azaroan eta otsailean zehar hainbat
ikastaro antolatu zen, bosgarren edukiontziaren inguruko informazioa helarazi, eta herritarrak biohondakina bereiztera bultzatzeko. Horri esker, urtarrilean 4.926 familiak bereizten zuten biohondakina —azaroan 1.681 familiak egiten zuten gaikako bilketa selektiboa—. Martxoan, berriz, 5.892 ziren Zarautzen materia organikoa bereizten zuten familiak.
«Biztanleko 38,31 kilogramo jasotzen da urteko Zarautzen. Hernanin, berriz, 75 kilogramo inguru organiko biltzen dira urteko», gogoratu du. Hori dela eta, «oraindik egiteko asko» dago. «Herritar asko zintzo eta ondo egiten ari dira, baina zabortegia ixteko eta hondakinen %90 birziklatu daitekeenez, denoi, hasi udaletik baina herritar guztienganaino, arduraz jokatzea dagokigu».
«Gezurrak saltzen»
«Birziklatzearen alde gaude», diote PPko Rafa Olaizolak, PSE-EEko Patxi Elolak eta EAJko Imanol Lasak; ez dute babesten, ordea, atez ateko sistema.
«Bilduk dio ez dugula hondakinen arazoa konpontzeko alternatibarik. Badugu: egungo bilketa sistemarekin jarraitzea, hobekuntzekin, eta errauste planta eraikitzea», adierazi zuen Elolak. Larunbatean birziklapena bai, atez atekoa ez plataforma sinadurak biltzen jardun zuen Santa Klaran, eta bertan izan ziren hiru alderditeako ordezkariak, hari babesa eskaintzen.
Bildu «gezur handi bat» saltzen ari da, Olaizolaren arabera.
«Atez atekoak ez du lortuko kutsadura amaitzea. Zarautz
are gehiago zikinduko du». Lasak, berriz, Bilduk herritarren hitza ez duela «errespetatzen» gaineratu zuen, eta horrez gain, haren erabakiak «Urtetaren bizitza luzatuko» duela. «Urteta nola itxi erabakita zegoen. Bilduk, ordea, orain arte esandakoa hankaz gora jartzeko asmoa du». Horren aurrean, herritarrak eta oposizioa «kezkatuta» daudela esan zuten. «Horren aurrean, ziur gaude zarauztarrek izugarrizko erantzuna emango dutela. Momentuz atez atekoaren kontrako firma ugari jaso dute».