
Urola Kostako Udal Elkarteak jarri du martxan hizkuntza politika bateratua (Argazkilaria: Ane Olaizola)
Urola Kostako Udal Elkarteak eta horren baitako udalek hizkuntz politika bateratua adostu dute, euskara udaletako eta Urola Kostako Udal Elkarteko «lehen hizkuntza» izan dadin. Getaria, Orio eta Zumaiako udaletan eta Urola Kostako Udal Elkartean martxan da dagoeneko plana. Hala, elkarrekin jardungo dute udalok «euskararen normalizazioa helburu», lanean.
Politika bateratua, ordea, egitasmoaren lehenengo pausoa dela adierazi du Urola Kostako Udal Elkarteak. Izan ere, politika orokorretik harago, udalerri bakoitzak bere irizpide propioak landuko ditu ondoren. «Herri bakoitzak izaera eta tamaina jakin bat du; beraz, ezin ditugu irizpide orokorrak ezarri eskualde osoan».
Udalerri horietako «berezko hizkuntza» euskara izanik, lanean, ahoz nahiz idatziz, erabiliko duten hizkuntza euskara izango da. Beraz, hizkunztaren «normalizazioa» bultzatuko dute erakunde publikoek. «Gure egitekoa da euskararen erabilera normalizatzea, euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzea, eta hurrengo belaunaldiei eskaintzea».
Herritarrekiko hartu-emanerako ere euskara erabiliko dute, eta herritarrek hizkuntzaz aldatzen badu, aukeratutako hizkuntzan erantzungo duela jakinarazi du Urola Kostako Udal Elkarteak. Halaber, enpresekin, hornitzaileekin eta udalekin lan egiten duten gainerako erakundeekin ere «euskara hutsean» lan egingo dute.
Jendaurrean egiten dituzten ekitaldietan baliatu beharreko hizkuntza ere zehaztu du. «Elebitan izan behar duen kasuetan, euskara lehenetsiko dugu».
Euskara, laneko euskarri
Bestetik, plana onartu duten udaletan eta Urola Kostako Udal Elkartean egiten dituzten kontratazioetan eta elkarteei ematen dizkieten diru-laguntzetan hizkuntza baldintzak ezarri eta betearazteko konpromisoa hartu dute.
Jon Agirresarobe Orioko Udaleko euskara zinegotziaren ustez, neurri hau «hizkuntz eskubideak bermatzeko» pausoa da. «Euskara normalizatzeko bide bakarra, erabiltzea da». Honek adierazi du Orioko Udaleko langileek «jarrera oso ona» dutela euskararen inguruan, eta elebitan lan egiteko «ohitura» eten egin behar dela irizten dio, «elebitasunean lan egitea gaztelaniaz lan egitea baita».
Aian, kritiko
Oraingoz, Aiako eta Zarauzko udalek ez dute planarekin bat egin. Izan ere, euskararen eraileraren politika bateratua udal bakoitzak osoko bilkuran landu behar du, eta Zarauzko udalbatzak ez ditu oinarriak onartu.
Aiako Udalean, berriz, oraindik ez dute proposamena osoko bilkuran aurkeztu , baina «aurki» egingo dutela jakinarazi du Igor Iturainek, Aiako alkateak. Hala ere, politika honekiko «kritikoa» dela aurreratu du Iturainek. alkatearen arabera, politika hau onartzeak euskara dinamizatzaile bat kontratatzea ekarriko lioke udalari. «Egungo egoera ekonomikoa» eta eskualdeko «euskararen ezagutza maila altua» aintzat hartuta, ez dela euskara dinamizatzailea kontratatzeko «momentua» deritzo Iturainek.