Maiatzaren 6an Zestoa parean Urola ibaia garbituko dute auzolanean. Ekimen horretan parte hartu nahi duten herritarrek izena emateko epea zabaldu du Zestoako Udalak. Izena, Udalaren webgunearen bidez eman daiteke edota udaletxeko Ingurumen sailera joanda. Horretarako azkenengo eguna maiatzaren 4a izango da.
2011ko azaroko euriteen ondorioz ibai ertzean zikinkeria ugari gelditu zen pilatuta eta auzolanean hoiek garbitzea da orain antolatu duten ekimenaren helburua. Auzolana antolatzeko lehen bilera joan den apirilaren 18an egin zuten eta orduan auzolanaren eguna eta ordutegia zehaztu zituzten. Auzolana maiatzaren 6an (igandea) izango da, 09:00etatik 12:00etara bitartean. Ondoren, parte-hartzaile guztientzako hamaiketakoa izango da. Garbituko duten ibaiaren zatia, Arozena hotelaren atzetik Errotazar baserriaren artekoa izango da. Udalak garbiketarako materiala jarriko du herritarren eskura: lanerako tresnak, eskularruak, zabor poltsak eta ibilgailuak.
Auzolana hobeto antolatzeko bigarren bilera bat egingo dute maiatzaren 4an (ostirala), 18:30ean, Kultur Etxean.
