Errezilgo Udalak duen zorra tarteko, Gazteriako aisia zerbitzua murriztu dute

Nerea Uranga 2012ko apirilaren 27a

Errezilgo Udala zorpetuta dago, eta horri aurre egiteko hainbat zerbitzutan murrizketak egin behar izan dituzte. Horietako bat Gazteriako aisialdiko zerbitzua da. Datorren hilabetetik aurrera aldaketak izango baitira zerbitzu horretan. Orain dela zazpi urte Errezilgo Udalak haur eta gaztetxoei zuzendutako aisialdi eta denbora libreko dinamizatzaile zerbitzua jarri zuen martxan. Duela bi urtetik, zerbitzu hori Gorka Tolosa herritarrak eman du. 36.000 euroko kontratua zuen, eta materialerako 2.000 euro jartzen zituen udalak. Orain, udalarekin kontratua berritu behar zuen Tolosak, baina udalak ezin dio inbertsioari aurre egin, eta Gazteriako dinamizatzailearen zerbitzua murriztea erabaki du. «Errezilgo Udalaren egoera ekonomiko txarra kontuan izanda hartu dugu erabakia. Oso zorpetuta dago udala», azaldu du Maria Jesus Salsamendik, Errezilgo alkateak. Dena den, udalak ez du Borondegiko Aker Txoko haur eta gazteen biltokia ixteko asmorik. Astelehenetik ostiralera egunero irekiko dute, bi orduz. Han, begirale lanak egiten gazte batek jardungo duela azaldu du alkateak, «Badakigu ez dela zerbitzu bera eskainiko, baina udalaren egoera ekonomiko txarra kontuan izan behar dugu, eta hainbat zerbitzu errealitate horretara moldatu beste aukerarik ez dugu». Aker Txokon lana egin nahi zutenek izena emateko deialdi zabala egin zuen herrian Errezilgo Udalak, eta lau herritarrek eman dute izena. Gaur zozketa bidez erabakiko dute nor izango den txokoko begiralea, astegunetan, egunero bi orduz. Maiatzaren 2an jarriko dute martxan Gazteriako zerbitzu moldatua. Bihar, agur jaialdia Azken bi urteetan Errezilgo haur eta gazteen aisialdi eta denbora libreko ekitaldiak koordinatzeaz arduratu izan da Gorka Tolosa, eta agur festa antolatu du Aker Txokon. Bihar izango da, eta Galtzagorriei to, Inaxito! antzezlana eta askaria eskainiko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide