Udalak Guardia Zibilak Zarautzen duen kuartela husteko eskatuko die Espainiako Barne Ministerioari eta Eusko Jaurlaritzari. Eraikina «herritarrei itzultzea aginduko» die hala, bertan etxebizitza babestuak atontzeko. Udalbatzak bi erakundeoi eskaera hori igortzea erabaki zuen herenegun osoko bilkuran. Bilduk, Aralar-Ezker Anitzak eta EAJk aurkeztu zuten mozioa eta alderdi horien aldeko botoekin onartu. PPk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten.
Bilduko Eider Illarramendik nabarmendu zuen Guardia Zibilaren kuartela hustea «bake biderantz urrats garrantzitsua» dela: «Euskal Herriaren desmilitarizaziorantz eta bake justua hatz puntekin ukitzeko asmoz, indar militar arrotzek gure herria uztea ezinbestekoa da». Eta horretarako «espresiobide militar ororen desaktibazioa eta armen baldintzapenaren amaitu» behar da, alkateordearen arabera.
Eraikin horri, gainera, erabilera soziala ematea «Guardia Zibilaren hainbat urteko presentziaren truke» herritarrei egin diezaieken «saririk onena» dela gaineratu zuen: «Jendea eraikin horretan bizi dadin nahi dugu, zoriontsu, ez orain arte kuartelera atxilo joan direnak bezala».
Ildo horretatik, hiru alderdiok «Guardia Zibilak herritarrei eragindako kalte eta eskubide urraketak irmo» gaitzesten dute, eta bide batez. kaltetuei elkartasuna adierazi. Illarramendiren esanetan, Guardia Zibilaren presentzia Euskal Herrian «mamu beltza» da, eta beraz, kuartela Zarauztik kentzea «berri ona» da herritarrentzat. Horrekin batera, «urte luzetan indar polizial horren eskutatik Orokietako ikasle, guraso eta irakaleek jasandako kaltea» gogoratu zuen: «Kuartela kenduta, euren jardunbide eta heziketa osasuntzuagoa izango denaren zalantzarik ez dugu». Horiez gain, «Alfako eta Itxasmendikoentzat erabaki honek bizi kalitate hobetzen lagunduko du».
Orokietakoen eskaera oinarri
Mozioa Orokieta Herri Eskola, Guraso Elkarte eta Eskola Kontseiluaren eskaera baten ondorio dela gogoratu zuen Aralar-Ezker Anitzako Andoni Ibargurenek. Idatzi horren arabera, kuartelak zentro horren «egunerokoa hausten» du. Orokietako hezkuntza proiektuaren printzipio nagusia haurrei bizikidetza demokratikoan oinarritutako heziketa eskaintzea da: «Indar armatuen presentziak», ordea, horrekin talka egiten du.
Horrekin batera, haurrek «etengabe ibilgailu militar, armadun eta balen aurkako txalekoz jantzitako kideen artean aurrera eta atzera ibili» behar izatea ez dela «onargarria» dio: «Ez dago arrazoibiderik haurrez osatutako zentro baten parean, orpoz orpo ejertzitoaren kokagune bat ezartzeko. Bada garaia errealitate hori aldatu eta kuartela eskola aldamenetik kentzeko».Egun, eskaera hori medio eta egungo testuinguru politiko kontuan izanda, guardia zibilak herritik bidaltzeko «inoiz baino aukera hobea» dagoela adierazi zuen Ibargurenek: «Ez dakit Intxaurrondora edo Ebroren hegoaldera, baina Zarauztik alde egitea herritar gehiengo baten nahia da».
EAJko Imanol Lasak bat egin zuen harekin: «Guardia Zibilak ez du lekurik Zarautzen. Guk, bidali beharrean, alde egitera gonbidatzen dugu, bakoitzak bere herrian eman dezan zerbitzua». Horrez gain, kuartela eskola baten alboan egoteak ez duela «zentzurik» esan zuen.
«Euren lana egiten dute»
PP eta PSE-EEk ez zuten mozioa babestu. PPko Rafa Olaizolaren arabera, Guardia Zibilak «bere lana egiten» du, eta kuartelak ez duela eraso egiten: «Inongo poliziarik behar ez izatea litzateke perfektua, baina gizarteak behartzen gaitu horretara». Mozioaren asmoa «nabarmena» dela esan zuen PSE-EEko Patxi Elolak: «Herritarrak mailatan sailkatu nahi dituzue, eta beste batzuk desagerrarazi. Guardia zibilak ere indarkeriaren biktima dira». Etxebizitzena aitzakia dela esan zuen: «Etxeen kontua gezurra da. Guardia Zibilak hemendik bidali nahi dituzue, besterik gabe».
