2006an Bordeleko Opera Nazionaleko dantzari izar izendatu zutenetik, bertan bizi da Igor Yebra (Bilbo, 1974), nahiz eta Italiara eta Euskal Herrira joan-etorriak maiz egiten dituen. Bere lanbideagatik, ohituta dago mundu osoan bidaiatzera. Nazioarteko antzoki garrantzitsuenetan dantza egitera, hain justu ere. Oraingo honetan, aldiz, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian ariko da, Korrontzi musika taldearekin eta Oinkari dantza taldearekin batera, Urratsa ikuskizunean. Emanaldia etzi iluntzean eskainiko dute, 22:00etatik aurrera, Udaberrifest jaialdiaren barruan. Hona hemen biharko egunkarian argitaratuko dugun elkarrizketaren aurrerapena:
Korrontzik eta Oinkarik bazeramaten aurretik ere elkarlanean. Nola sartu zinen haien jokoan?
Korrontziko abeslari eta soinu-jotzaile Agus Barandiaranek hots egin zidan, eta ez zitzaidan horren ideia aldrebesa iruditu. Nire arazo nagusia denbora falta da; piezak muntatzeko asti gehiago izan nahiko nuke. Hori horrela, Urratsa Korrontziren eta Oinkariren ikuskizuna da, eta, oraingoz, ni kolaboratzaile bat naiz. Hiru piezatan baino ez dut dantzatzen. Gehiagotan ere dantzatuko nuke, baina, zorionez niretzako, agenda oso beteta daukat, eta ezinezkoa zait. Oro har, gustura nago. Gainera, estreinatu genuenean ongi atera izan ez balitz, ez ginen Zarautzen izango.
Hiru agerraldi egingo dituzu, guztira. Nola banatu zenituzten lanak?
Lehenik eta behin, musika bidaltzeko eskatu nien Korrontzikoei, ez bainuen taldearen ibilbidea ezagutzen. Haien errepertoriotik, asko gustatu zitzaizkidan abestiak topatu nituen, eta horiek ardatz hartuta, koreografiak lantzen hasi nintzen.
Nola dago osatuta ikuskizuna, eta zein paper jokatzen duzu bertan?
Korrontzik eta Oinkarik egina zuten ikuskizuna, eta, nolabait esateko, ni gerora gehitu egin natzaie. Oro har, euskal dantzez hornitutako musika kontzertu bat zen, eta, ondoren, nire piezak txertatu genizkion. Lehen bi agerraldietan Bordeleko Operako Oxana Kucheruk dantzari izarrarekin batera egingo dut dantza, eta hirugarrenean, ikuskizuneko azken zatian, Oinkarirekin batera taularatu naiz.