Dagoeneko etxean dira

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko apirilaren 26a

“Aiba, hor dago-eta Labi!”. Hunkiturik esan zituen hitzok Haritz Gartxotenea Zaporra-k espetxetik etxerako bidean, autobideko atsedengune batean gelditu bezain laster. Kidea zuen begi aurrean, hainbat hilabete elkar ikusi gabe egon ostean. «Sorpresa handia izan da. Izan ere, arratsaldera arte ez nuen Zaporra ikustea espero», zioen Labik. «Itxura ona hartu diogu elkarri. Pixka bat argalduta gaude, baina primeran». Atzo goizean irten ziren biak espetxetik, eta bertan egin zieten lehenengo ongietorria; Leongo  La Mansilla de las Mulaseko kartzela atarian Labiri, eta La Moraleja espetxe kanpoan, Dueñasen (Palentzia), Zaporrari. Pozez hartu zuten biek ala biek senitartekoen eta herritarren berotasuna. «Oso gustura nago. Anaiak besarkatu nuenean hunkitu egin naiz. Duela hilabete hil zen beste anaia gogoratu dut», zioen Gartxoteneak. Haren seme jaioberriarekin egoteko aukera ere izan zuen. «Oso polita izan da jendea kartzela kanpoan ikustea», nabarmendu zuen Labianok. Ez ziren horiek soilik izan, ordea, bi zarauztarrek atzo bizi izan zituzten une hunkigarri bakarrak. Besarkatzeari utzi ezinik egin zituzten minutu batzuk Zarauzko Putzuzulo gaztetxean, Musika Plazara abiatu aurretik, 19:00ak aldean. Dozenaka herritar zain zituzten Musika Plazan, harrera egiteko prest. Urduri eta oraindik «lurra guztiz hartu» gabe elkartu ziren haiekin. Kontzertu ugari Bihar, berriz, hainbat kontzertu izango da Arranon, bi zarauztarren etorrera ospatzeko. MKT, Hilkar, Dirtaä, [...]

Zaporra

Zaporra, bere haurra besoetan duela gaur goizean

Labi

Labi, gaur goizean kartzelatik atera berritan

“Aiba, hor dago-eta Labi!”. Hunkiturik esan zituen hitzok Haritz Gartxotenea Zaporra-k espetxetik etxerako bidean, autobideko atsedengune batean gelditu bezain laster. Kidea zuen begi aurrean, hainbat hilabete elkar ikusi gabe egon ostean. «Sorpresa handia izan da. Izan ere, arratsaldera arte ez nuen Zaporra ikustea espero», zioen Labik. «Itxura ona hartu diogu elkarri. Pixka bat argalduta gaude, baina primeran».

Atzo goizean irten ziren biak espetxetik, eta bertan egin zieten lehenengo ongietorria; Leongo  La Mansilla de las Mulaseko kartzela atarian Labiri, eta La Moraleja espetxe kanpoan, Dueñasen (Palentzia), Zaporrari. Pozez hartu zuten biek ala biek senitartekoen eta herritarren berotasuna. «Oso gustura nago. Anaiak besarkatu nuenean hunkitu egin naiz. Duela hilabete hil zen beste anaia gogoratu dut», zioen Gartxoteneak. Haren seme jaioberriarekin egoteko aukera ere izan zuen. «Oso polita izan da jendea kartzela kanpoan ikustea», nabarmendu zuen Labianok.

Ez ziren horiek soilik izan, ordea, bi zarauztarrek atzo bizi izan zituzten une hunkigarri bakarrak. Besarkatzeari utzi ezinik egin zituzten minutu batzuk Zarauzko Putzuzulo gaztetxean, Musika Plazara abiatu aurretik, 19:00ak aldean. Dozenaka herritar zain zituzten Musika Plazan, harrera egiteko prest. Urduri eta oraindik «lurra guztiz hartu» gabe elkartu ziren haiekin.

Kontzertu ugari
Bihar, berriz, hainbat kontzertu izango da Arranon, bi zarauztarren etorrera ospatzeko. MKT, Hilkar, Dirtaä, Iñor ez, Napalm, Diskoiraä, Humilitate, Erantzun, Metralleta, Baf, Ernia eta Txixaparrazta taldeak izango dira tabernako oholtza gainean, 20:30etik aurrera. Horiez gain, Labik abesti pare bat joko ditu, eta Zaporrak beste bertso pare bat abestuko ditu.

Iazko apirilaren 27an atxilotu zituzten, «terrorismoa goratzea» egotzita. Lekuko anonimo baten «akusazio faltsuan» oinarritu zen Auzitegi Nazionala horretarako. Atxilotu aurretik, goizean Santa Barbaratik zintzilikatu ziren, kasua salatze aldera. Herritar ugari gerturatu zen tontorrera, babesa eta elkartasuna adierazteko. Arratsalde partean eraman zituzten atxilo.
Urtebeteko kartzela zigorra eta sei urteko inhabilitazioa ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak bakoitzari, Gorenak defentsako abokatuen helegitea atzera bota ostean. Dagoeneko libre badaude ere, biek ala biek bost urtez ezingo dute erakunde publikoetan lan egin, inhabilitazioa dela medio.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide