Maiatzaren 12rako Txolarte Eguna antolatu dute Azpeitian. Gipuzkoa osoan hamabi talde daude guztira, eta kide guztiak izango dira bertan, euren eguna ospatzeko. Atzegui Adimen Urriko Pertsonen aldeko Gipuzkoako Elkartearen ekimen bat da Txolarte. Atzegi «adimen urritasuna daukaten gipuzkoarren eta haien senideen bizi kalitatea hobetzeko» egiten du lan, elkarteko ordezkariek azaldu dutenez.
Urtero antolatzen dute Txolarte Eguna, eta aurten Azpeitian izango da. Txolarteko erabiltzaile guztiak bildu ohi dira festan. Egun osorako prestatu dituzte ekimenak, eta «eguna festa giroan igarotzea» dela helburua jakinarazi dute antolatzaileek. «Beste herrietako txolartekideekin harremanak egin, eta lagun taldea zabaldu nahi dugu».
Goizetik arratsalderako festa
Jaialdiari 11:00etan emango diote hasiera. Udaletxe atarian ongi-etorria egingo dute. Ordu erdi geroago, ekitaldia aurkeztuko dute Izarraitz pilotalekuan, eta opariak banatuko dituzte.
Frontoian bertan, antzelan bat izango da 12:00etan, eta Txolarteren bailarako aurkezpena egingo dute. Amaitutakoan, 12:30ak inguruan, pilotalekutik plazaraino elektrotxarangak lagunduta joango dira kideak, eta tragoren bat hartzeko aukera izango dute. 13:30erako, berriz, bazkaria antolatu dute, Berdura Plazan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, paellak, albondigek eta postreak osatuko dute menua. Hamar euroren truke eskura daiteke sarrera, Sanagustinen, Eguzkitzan eta Orkatzen. Apirilaren 27a baino lehen erosi behar da. Bazkalostean, 15:30ak inguruan, DJ festa izango dute parte-hartzaileek Izarraitz pilotalekuan, eta festari 17:00etan emango diote amaiera.