Zekorketak egiten jarraitu ala ez erabakitzeko, herritarrek eskaerak jasoko ditu ekainaren 3an Zestoako Udalak. Astelehenean egin zuten horren berri emateko bilera zabala. Hogei bat lagunek hartu zuten parte bilkuran, eta gaiaren inguruko zehaztasunak eman zituzten bertan. Ruben Alberdi zinegotziak eman zituen azalpen nagusiak, nahiz eta Leire Etxeberria alkateak (Bildu) eta Josetxo Mendizabalek (EAJ) ere hitz egin zuten gaiaren inguruan. Gaur 20:00etan izango da ohiko udalbatzarra, eta bertan onartuko dutela ere aurreratu zuten.
18 urtetik gorakoek soilik bozkatu ahalko dute, eta herrian erroldatutakoek, gutxienez azken urtean. Bozketa baliogarria izan dadin,boto eskubidea daukatenetatik gutxienek %33ek bozkatu beharko du. Bestela ez dute emaitza ontzat emango, Alberdik azaldu duenez. «900 boto pasatxo behar dira, guztira 2.800 bat pertsonak baitaukate botoa emateko eskubidea». Hala ere, zekorketen alde daudenek bozkatuko ez balute, adibidez, eta boto emaileen kopurua %33ra helduko ez balitz, «udalak erabakiko luke zer egin», Alberdiren arabera. Hau da, «balizko boikotaren aurrean», gutxieneko parte hartzearen araua ez lukete kontuan hartuko, «agian». Zekorketen aurkako boto kopurua esanguratsua izango balitz, baina %33k baino gutxiagok bozkatuko balu, zekorketak debekatzeko aukera aurreikusten dute, era berean.
Eskaerak jasoko ditu Zestoako Udalak, eta ez galdeketa egin, ez baitu horretarako eskumenik. Eskaerak jasotzeak arazo gutxiago sortuko lituzkeelakoan, hala egitea erabaki dute. Honela definitu dute zekorketa: «zezena edo zekorrari banderillak sartzen zaizkion eta ezpatarekin hiltzen den ikuskizuna». Definizio hori oinarri hartuta, Zestoako Udalak zekorketak antolatzen lagundu ala ez erabakiko da bide horretatik. Ezezkoa aterako balitz, udalak ez luke plaza utziko festa antolatzeko. Izan ere, udalak ez dauka eskumenik ekimen hori debekatzeko, baina plaza ez uztekoa bai. Beraz, hori erabakiko da ekainaren 3an. Emaitza zekorketen aldekoa izanez gero, «udalak plazako azpiegiturak jarriko lizkioke eskuragarri zekorketak antolatzen dituen taldeari, eta babes legala emango lioke». Hala azaldu du Alberdik. «Diruaren gainean kontrol handiagoa izaten saiatuko da udala, baina gainontzean orain artean bezala segiko dute».
Zestoako Udalak zestoar guztiak eta eragileak gonbidatu ditu eskaera-bilketan parte hartzera. Muu! herri ekimenekoek hartu dute parte prozesuan, baita zezenzaleek ere; azken horiek bilera batean izan ziren. Hala jakinarazi dute Zestoako Udaleko ordezkariek. Hala ere, gehiago ez direla azaldu gehitu dute. «Errespetatzen dugu parte ez hartzea, baina parte har zezaten nahi genuen», azaldu du alkateak.
Atez ateko sistema
Eskaerak jasotzearena ez da gaurko udalbatzarrean hartuko duten erabaki bakarra. Zaborra atez ate biltzeko sistema abian jartzea ere onartuko dute. Pausoak jarraituz, datorren urtean jarriko lukete martxan sistema.
