Skandaluek irabazi du Elkartasun Kantu Lehiaketa, azkenean Distantziak laburtuz abestiarekin. Martxoaren 31n egin zuten saioan elektrotxaranga izan zen irabazlea, eta Internet bidez eman zitekeen botoei esker ere lehen postuan gelditu zen. Epai-mahaia ere bazegoen iritzia emateko, eta haren arabera The Friday's Crew taldearen kantua izan da onena.
Puntuazio guztiak kontuan hartuta, aurrenengo postuan Skankandalue gelditu da. Beraz, eta The Friday's Crew eta Kasik taldeak, berriz, bigarren eta hirugarrengo postuetan, berdinduta.
«Gustura» agertu da Felipe Murillo, Skandalueko abeslaria, lortutako emaitzarekin. «Hasiera batean ez genuen espero, nahiz eta aurkezpen egunean eta Interneten aurrenengo postuan gelditu ginela ikusitakoan, irabazteko aukerak bagenituela antzeman genuen», dio. «Guk gainera, talde bezala ez dugu inoiz abestirik sortu, eta alde horretatik esperientzia berria izan da. Hala ere, faktore sorpresa ere izan dugula ere esango nuke. Izan ere, gainontzeko taldeek euren estiloa daukate, baina geurea zein izango zen jendeak ez zekien. Gainera, taula gainera ere hamabost lagun igo ginen. Berezia izan zen», gehitu du. Skandaluek ez du abesti propiorik sortzen; aurrenengo aldia izan dute honakoa. Abesti berri gehiago sortzeko asmorik daukaten galdetuta, zalantza agertu du Murillok. «Batek baino gehiagok galdetu digu zergatik ez dugun talde gisa funtzinatzen, aukera hori aztertzeko esanez. Azken finean, horrek denbora eskatzen du, eta beste dinamika bat ere bai. Suertatzen baldin bada etorriko da, baina ez dugu hori serio planteatu».
Abestiari dagokionean, «denak oso gustura gelditu ginen», dio. Nabarmendu egin du letra baikorra egitea zutela helburu. «Egin Dezagun Bidearen ekimen bat zenez, orain arteko egoera bide batekin parekatu nahi izan dugu, malda eta guzti. Biana aurrera doala nabarmenduz, baikor».
Abestiarekin, ‘flash mob’-a
Maiatzaren 19an izango da Elkartasun Eguna, eta kantu ofiziala izango da Distantziak laburtuz kantua. Hala ere, hamar taldek parte hartu dutenez, abesti guztiekin disko bat kaleratuko dute egun horretarako. Hala ere, Skandalueren abestiak emango du zer esan handiagoa, Elkartasun Egunean presoen alde flash mob-a egiteko asmoa baitute. Hala azaldu dute antolatzaileek: «Elkartasun Eguneko berritasuna izango da flash mob-a. 18:00etan izango da herriko plazan, manifestazioa hasi aurretik. Azpeitiarrok euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen alde edozer egiteko prest gaudela adierazteko momentua izango da, baita dantza ere, bat baino gehiago harrituko den arren. Herritar guztiok hartu behar dugu parte, haur, gazte, heldu, jubilatu... Plaza txiki utzi behar dugu».