Auzitegi Nazionalak Gurekin Jaiko kidea absolbitu du

Zarauzko Hitza 2012ko apirilaren 25a

Gurekin Jaiko kide Ainhize Muniozguren absolbitu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Iazko sanpelaioetan Ertzaintza txosnagunera joan eta presoen sakabanaketaren aurkako pankarta kendu zuen. Horrez gain, hainbat herritar identifikatu zuen, tartean...

Gurekin Jaiko kide Ainhize Muniozguren absolbitu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Iazko sanpelaioetan Ertzaintza txosnagunera joan eta presoen sakabanaketaren aurkako pankarta kendu zuen. Horrez gain, hainbat herritar identifikatu zuen, tartean Muniozguren. Txosnaguneko arduradun gisa izena eman zuenez, Ertzaintzak haren ikerketa abiatuko zuela esan zion, terrorismoa goratu izana leporatuta, eta Auzitegi Nazionalera igorriko zituela izapide horiek. Fiskalak urtebete eta sei hilabeteko kartzela zigorra eta 10 urteko gaitasun gabetzea eskatu zuen bere akusazio idatzian. Dignidad y Justicia akusazio popularrak, aldiz, urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra, eta 10 urteko inhabilitazioa eskatu zuen zarauztarraren aurka.
Apirilaren 20an izan zen epaiketa, Madrilen. Muniozgurenek berak deklaratu zuen lehenbizi, fiskalaren eta defentsaren galderak erantzunez. Horrez gain, hiru udaltzainek ere deklaratu zuten, baita Gari Berasaluze eta Jabier Etxaburu zinegotziek ere.  Izan ere, txostenaren arabera, Ertzaintzak kenduko pankartako argazkien artean «ETAko preso» Berasaluze eta Etxabururenak ikus zitezkeen. Lekuko gisa deklaratu zuten biek. Bost bat ertzainek ere deklaratu zuten babestutako lekuko gisa, bideokonferentzia bidez. Muniozgureni babesa erakusteko, 35 bat zarauztar izan ziren epaiketa gelan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide