
Surfa eta gastronomia baliatu dituzte Euskal Herri eta Asturiasko kosten berezitasunak erakusteko (Argazkilaria: Gastrologgin)
Surfak eta gastronomiak lehen begi kolpean ez dute zerikusi handiegirik. Zarauztar talde baten ustez, ordea, «puntu komun ugari» dituzte. Bat nabarmena: biek plazera eragiten dute. Hori oinarri hartuta, Gastrologging sortu dute, bi kontzeptuak batzen dituen ikus-entzunezkoa. Larunbatean aurkeztuko dute Zarautzen, Marmol tabernan, itsas pasealekuan. Eguraldiak laguntzen badu, atari zabalean eskainiko dute emanaldia, 21:30ean. Aurrez, 20:30ak aldera, Buffalo zarauztarrek kontzertua emango dute. Talde horrek berak jarri dio musika Ion Eizagirre surflariak zuzendu duen filmari. Jarraian, pintxoak banatuko dituzte. Emanaldiaren ostean, berriz, opariak eta festa izango dira Marmolen.
Olatu onenen bila
Gozamena oinarri duten bi kontzeptuok lotzeko, Euskal Herriko zein Asturiasko «ezohiko txokoetan» barrena bidaiatu dute surflari zarauztarrek, olatu onenen eta esperientzia gastronomiko aberasgarrienen bila. Hala, sei ataletan banatu dute luzemetraia. Bakoitzak gune jakin bati dagokion abentura gastronomiko-kulturala islatzen du: Bilbori, Donostiari, Iparraldeko kostari eta Gipuzkoako kostako txokoei ezkutuei dagozkienak. Horrez gain, Aizarnazabalgo Wavegarden-en—olatu artifizialaren prototipoa— ere grabatu dituzte zenbait irudi.
Surfa eta gastronomia baliatu dituzte Asturiasko zein Euskal Herriko kosten berezitasunak erakusteko, leku bakoitzaren izaeran eta historian oinarrituta, kasu. Horrekin batera, surf alternatiboa ere islatu dute. Hortik dator, hain zuzen, luzemetraiaren izena: gastro (gastronomia) eta logging (enbor edota flotatzen duen objektu alternatiboa).
@Informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu www.gastrologging.com webgunea.